Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Kenpo Kai ezagutu izan ez banu aspaldi utzi izanen nuen akordeoia»

Dokumentuaren akzioak

«Kenpo Kai ezagutu izan ez banu aspaldi utzi izanen nuen akordeoia»

Egilea
Ttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Arantza
Mota
Albistea
Data
2023/12/03
Lotura
Erran
Sortzez aranztarra da Modesto Ordoki baina Donezteben bizi da.

Modesto ORDKI LARRETXEA, akordeoilaria eta Kenpo Kai irakaslea

Musikari lotuta ibiltzeaz gain, Kenpo Kairen bueltan dabil azken 20 urteotan Ordoki. Gaur egun ikasle eta irakasle ari da eta berriki Tunisian jokatu den Munduko Kenpo Kai Txapelketan ibili dira.

Herriz herri eta auzoz auzo teklak astintzen ibiltzen delako ezaguna da Modesto Ordoki Larretxea aranztarra. Baina akordeoitik haratago, badu bere egunerokoa betetzen duen bertze afizio kuttun bat, aski maitea duena, gainera: Kenpo Kai. Itxuraz, bata bertzearekin deus ikustekorik ez duten bi arlo aukeratu ditu, baina biak behar ditu, «elkarren osagarri» baitira beretzat. Haurra zenetik musikaren bueltan dabil, eta musikari lana bertze afizio batzuekin uztartu izan du, bertzeak bertze, pilotako entrenatzaile eta epaile ibilita. Duela hogei urte, ordea, Kenpo Kai ezagutu zuen, berak dioen bezala, «txiripaz», eta «arrunt engantxatua» gelditu da. Gaur egun, Kenpo Kai irakaslea eta musikaria da, eta horiexek izan ditu solasbide TTIPI-TTAPArekin. 

Noiz hartu zenuen lehenbiziko aldiz akordeoia? 

Ttikitan, etxean, attaren akordeoiarekin hasi nintzen. Oroitzen naiz bortz bat urte nituela, akordeoia ohatze gainean utzi, ezkerreko eskua sartu, eta baxua joz kantari aritzen nintzela. Ez zidaten akordeoia hartzen uzten, eta nik orduan eta gehiago nahi. Etxean attarekin hasi, eta gero Arantzan bertan, Martin Ibarrolarekin solfeoan ibili nintzen, baita organoa ikasten ere. Arantzatik Lesakara joan nintzen Santiago Irigoienekin solfeoa ikastera. Bere etxean hartu ninduen, eta berarekin bakarrik ariz aunitz aitzindu nuen; berez bortz urtez egiten dena bi urte pasatuxetan egin nuen. Akordeoiarekin ere zorte handia izan nuen. Berara Irungo Mertxe Rekarte irakaslea etortzen zen, eta Itzea etxera joaten nintzen berarekin ikastera.  

«Nire intentzioa, garai hartan denek egiten zuten bezala, fabrikara joatea zen, baina akordeoiarekin segitu nuen»

Eta plazako saltoa noiz eta non egin zenuen? 

Lehenbizikoa 14 bat urterekin herrian egin nuen, urtezaharretako bestan, Gregorio [Mitxelena] lehengusuaren akordeoia hartuta. Apezaren etxean egin zen antzerkiaren ondotik, akabaila emateko bi pieza jo nituen. Kanpora ateratzen, berriz, 15-16 urterekin hasi izanen nintzen. Legasako Santa Leokadia bestetan izan zela uste dut, baina ez naiz ongi oroitzen, hainbertze urte pasatu dira... Oroitzen naiz 16 urterekin Urdazubiko inauterietan jo nuela, eta Berueten ere bai. Nire intentzioa, garai hartan denek egiten zuten bezala, fabrikara joatea zen, eta lana eskatzera ere hurbildu nintzen, baina ez nintzen aritu. Akordeoiarekin segitu nuen, eta denborarekin, teklatuarekin ere hasi nintzen, akordeoia bakarrik jotzea nekagarria baita. Ez dut egunero-egunero akordeoiarekin bakarrik ariz aguantatu duen inor ezagutu. Hagitz lan gogorra da, eta bizitzako erritmoaren kontra doana. Jende tartean ibiliz ez da batere aspergarria, ongi pasatzen duzu, baina goizaldeko ordu ttikietan etxera joan, lo pixka bat egin, eta biharamunean segitu behar izatea gogorra da. 

Plazako martxa aldatu da? 

Bai, aunitz aldatu da. Alde batetik, jendearen dantzatzeko joera aldatu da. Lehen arratsaldetan jende gehiago ibiltzen zen dantzan. Eta bertzetik, musika mota ere aldatu da. Hasiera hartan norbaitek Miguel Riosen kantak eskatu izana oroitzen naiz. Atera kontuak! Garai batean bakailaoa eskatzen zuen jendeak, eta oraindik ere nahi izaten du, baina reggaeton ere aunitz sartu da. Hortaz aparte, gaur egun DJak gehiago ibiltzen dira, eta edozein elkartetan edo tokitan mugikorra eta bozgorailuak izatea nahikoa da musika paratzeko. 

Lanak beheiti egin du? 

Ez, suertea izan dut. Covidarekin erabateko geldialdia izan genuen, eta beldur nintzen berriz martxan hasiko ez ote ginen, baina lehengora bueltatu gara, eta eskerrak.

Zein dira hutsik egiten ez dituzun plazak? 

Hamar bat izanen dira oraindik mantentzen ditudanak. Egiarretan (Nafarroa) 40 urte baino gehiago daramatzat, Sunbillako inauterietan 42 urte egin ditut, Zubietan inauterietan ere bai... 

Plazaz plaza segitzeak prestaketa lan handia eskatzen du? 

Ez horrenbertze. Beti pentsatu izan dut jendea bi tragorekin animatzen dela, laurekin gehiago, eta goizaldeko hiruretatik goiti denak balio du. Heidiren kanta jo eta jendea kontent jartzen da, ez zaio inporta. Baina kanta berriak sartzen ere saiatzen naiz. 

«Duela 20 urte txiripaz deskubritu nuen Kenpo Kai»

Eta Kenpo Kairen munduan nolatan sartu zinen? 

Duela 20 urte izan zen, txiripaz. Berez, defentsa pertsonala ikasi nahi nuen. Holako kontuak beti gustatu izan zaizkit, hemen inguruan ez zen aukerarik, eta nahi izatekotan Iruñera edo Irunera joan behar. Hortaz, Beran defentsa pertsonalaren ikastaroa antolatu zutela jakin nuenean, apuntatzea erabaki nuen, eta nirekin batera alabak. Berara joan ginen, baina ez zen jende nahiko apuntatu eta ikastaroa ez zen atera. Hala ere, Kenpo Kairen berri eman ziguten, Beran hasi berria zen arte martzialen modalitatea zela eta jendea gustura zegoela, defentsa pertsonaletik aunitz zuela... Hura adituta nire lehenbiziko galdera «Zein adinetakoak ibiltzen dira?» izan zen, eta ni baino zaharragoak bi bazirela ikusi nuenean, probatzea erabaki nuen. Alaba eta biok hasi ginen, eta ez dut sekula atzenduko lehenbiziko klasea. Ordu bateko saioa izan zen, eta etxerakoan honela erran nion alabari: «Badakizu zerbait arraroa pasatu zaidala? Ez naiz oroitu zu hor zeundela!». Irriz, berari ere gauza bera pasatu zitzaiola aitortu zidan. Halaxe jakin nuen hura zela nahi nuena. Egun hartan probatzea nahikoa izan zen. Lehendik pilotan entrenatzaile, epaile... ibilitakoa nintzen, baina gustatu arren, ez nuen deskonektatzen. Burua beti martxan izaten nuen. Kenpo Kain, ordea, hasiera-hasieratik lortu nuen deskonexio hori, eta arrunt lotua gelditu nintzen.  

Geroztik hor segitzen duzu...

Bai, duela hogei urte ikasten hasi nintzen, eta oraindik hala segitzen dut. Katak eta bertze teknikak ikasten dituzu, baina ikasitakoa mantentzeko lanean segitu behar duzu. Urtean bizpahiru aldiz teknifikazio ikastaroak egiten ditugu, ikasitakoa ez atzentzeko. Nire kasuan, astelehenetan eta asteazkenetan Beran Munduko Kenpo Kai Elkarteko lehendakariordea eta Europako lehendakaria den Shihan Vidalekin (Juan Mari Vidal) ikasten segitzen dut. Suerte handia dugu hemen hurbilean dugulako. Berak erakusten digu eta segi dezala. Gainerakoan, asteartetan eta ortzegunetan Elizondon klaseak ematen ditut, asteazkenetan Donezteben eta larunbat goizetan Beran. Urte aunitz egin ditut asteartetan eta ortzegunetan Elizondon eskolak eman ondotik Oiartzunera klaseak hartzera joanez. Urte aunitzez astean hamar orduko entrenamenduak egin izan ditut, behar nuelako, gustatzen zitzaidalako. 

Eta noraino ailegatu zara? 

Gerriko beltza ateratzen duzunean, lehenbiziko Dan dago, eta hortik aitzinera bederatzigarren Dan-era arte. Hirugarren Dan-a lortzean Sensei bihurtzen zara, maisu, eta borzgarren Dan-etik goiti Shihan. Ni Shihan naiz. 2022an egin nuen azterketa. Igande batean izan zen, hilabeteak pasatuak nituen prestatzen eta oroitzen naiz azterketa egin ondotik, Pasai San Pedrora musika jotzera joan beharra nintzela. Egun hartan, azterketa gainditzeko, teknika, kata... egiteaz gain, taulak eta harria hautsi beharrak nituen, eta lehendik egina nuen arren, zerbait gaizki eginez gero eskua hausteak kezkatzen ninduen, gero akordeoia jotzera joan beharra bainintzen. Baina behar bezala kontzentratu eta atera nuen. 

Eta ikasle izatetik irakasle izateko pausoa nola eman zenuen? 

Beran bilduak ginen batean, Etxalarko Guraso Elkartekoek klaseak emateko baten bat nahi zutela aipatu ziguten. Hasieran denak isil-isilik gelditu ginen, baina azkenean animatu nintzen. Gerriko beltza ateratzeak ez du erran nahi klaseak ematen ahal dituzunik. Horretarako goi mailako teknikari ikastaroak eginak izan behar dituzu eta eginak nituen. Geroztik hamabortz-hamasei urte pasatu dira.

«Denaren gainetik familia bat gara»

Zer moduzko harrera du Kenpo Kaik eskualdean? 

Duela hogei bat urte Beran hasi zen. Geroztik aunitz zabaldu da eta gehiago egin nahi dugu. Beran, Donezteben, Urdazubin, Erratzun, Zigan eta Elizondon izaten dira klaseak. Aunitzetan lana izaten da klaseak emateko arazoa. Alde horretatik, nik suertea izan dut, arratsaldeak normalean libre izaten baititut. Baina noizbait klasea eman ezin badut, Sensei eta Shihanen artean moldatzen gara. Denaren gainetik, familia bat gara. Txapelketetan, konbatean, pinpi eta panpa ibili ondotik, konbate on baten seinalea da errespetuzko agurra egin eta txapelketa ondoko ospakizunean besarkada ematea. Ongi moldatzen gara.

Aurten ikasturte hasiera berezia izan duzue. Munduko Kenpo Kai Txapelketan ibili zarete Tunisian... 

Bai, hagitz berezia izan da. Bagenuen hemengo mailaren berri, eta halakoetan kanpoan zer harrapatuko duzun ez jakiteak kezka sortzen du, oraindik gehiago munduko txapelketa izanda. Toki aunitzetako jendea bildu ginen: japoniarrak, suediarrak, frantziarrak, espainiarrak, aljeriarrak, brasildarrak, tunisiarrak... eta gu, euskal herritarrak. Maila ona ikusi genuen, baina hemengoak ere ez dira gibelera gelditu. Euskal Selekzioarekin aritu ziren, eta guztira 22 domina lortu zituzten; horietatik zortzi eskualdeko herritarrenak izan ziren. Munduko txapelketan hori lortzea handia izan da. Japoniako selekzioak 19 domina lortu zituen.

Munduko txapelketara joan ziren eskualdeko kirolarietako batzuk.

Eskualdeko zenbat lagunek parte hartu zuten? 

Xabi de Cruz (Bera), Beñat Etxeberria (Arizkun), Nerea Sanz (Ziga), Hegoi Bakero (Irurita), Mikel Bakero (Irurita), Miguel Nuñez (Elizondo), Markel Sanchez (Bera), Eva Graf (Erratzu), Daniel Sanz (Ziga), Aimar Rekarte (Erratzu), Mikel Indaburu (Etxalar), Itziar Erasun (Elizondo), Ibai Aleman (Irurita), Nahia Alzuiet (Urdazubi), Aiora Alzuiet (Urdazubi) eta Iñaki Alzuiet (Urdazubi) aritu ziren. Hamasei lagun ibili ziren lehian, eta ni epaile. 

Lehia utzia duzu? 

Entrenamenduetan ez, gustura aritzen naiz, baina txapelketetan epaileak ere behar dira. Munduko txapelketan nazioarteko 50 bat arbitro izanen ginen. 

Aimar Rekarte, Miguel Nuñez, Markel Sanchez eta Nerea Sanz dominekin. Argazkia: Ondikol.

Norentzat izan ziren dominak? 

Markel Sanchezek, 12-13 urtekoetan, zilarrezko domina lortu zuen konbate semikontaktu modalitatean; Nerea Sanzek, 18 urtetik goitikoetan, zilarrezko domina irabazi zuen konbate modalitatean; Aimar Rekartek, 14-15 urtekoetan, zilarrezko domina irabazi zuen konbatean; Miguel Nuñezek, 18 urtetik goitikoetan, brontzezko domina jantzi zuen konbatean eta bertze lau dominak Urdazubiko aita-alabentzat izan ziren: Nahia Alzuietek, 12 urtez azpikoetan, alde batetik, konbatean zilarrezko domina lortu zuen eta bertzetik, brontzezko domina katetan; Aiora Alzuiet ahizpak, 12-18 urtekoetan, zilarra lortu zuen konbatean eta Iñaki Alzuiet aitak, 45 urtetik goitikoetan, brontzezko domina konbatean. Eta domina gehiago lortzeko hortxe-hortxe ibili ginen. 

«Lana ongi egiten ari garela ikusi dugu»

Beraz, balorazio ona...

Bai, hagitz ona; esperientzia ona eta polita izan da. Munduko txapelketa irail hondarrean izan zen, asteazken batean ailegatu ginen harat eta igandearekin buelta. Mugimendu handiko egunak izan ziren: ikastaroak, txapelketa, graduz igotzeko azterketak, besta eta dantza, tartean momentu bereziak, hartutako tratua hagitz ona... Eta emaitzak ikusita, lana ongi egiten ari garela baieztatu dugu. Inork ez du deus oparitzen.

Ez dakien bati nola esplikatuko zenioke zer den Kenpo Kai? 

Japonian sortutako arte martziala da, baina mugak aspaldi gainditu zituen. Hagitz konpletoa da, denetarik du: teknika, defentsa pertsonala, katak, armak, arnasketa teknikak... Alderdi psikologikoa ere nabarmenduko nuke. Niri, adibidez, oreka eman dit eta hori mantentzen laguntzen dit.  39-40 urterekin hasi nintzen, eta Kenpo Kai izan ez balitz, ez nuen akordeoiarekin segitu izanen, aspaldi utzia izanen nuen. Ordurako nekatzen hasia nintzen, eta Kenpo Kairekin nire ihesbidea harrapatu nuen. Jende aunitzek pentsatuko du hau borrokan edo ukabilkadaka aritzeko dela, eta niri ere hala erran izan didate. Jendeak pentsatzen du arte martziala bi golpe nola eman ikastea dela, gero hori kanpoan erabiltzeko. Baina arte martziala ez da horretarako. Ikasten den lehenbiziko gauza errespetua eta autokontrola da. Arte martzial bat ikasten duen pertsona ez da kanpoan golpeak ematen ibiliko. Maisuak beti erraten digu «borrokarik hoberena borrokatu gabe irabazten den hori dela», eta egia borobila da. Batzuei kostako zaie norbere energiarekin, arnasketarekin, kontzentratuta, harri bat puskatzen ahal dela sinestea. Baina bai, egiten ahal da. Gaur egun bizitzan nahitaezko erreminta dela uste dut, baina horren gainetik bizitzeko modu bat da eta niri aunitz eman dit. Kenpo Kain hasi arte, ez nuen sinesten zenbateraino ikasten ahal den norbere burua kontrolatzen. Pazientzia eman dit, oreka, egoera bakoitzari bertze modu batera buelta ematen erakutsi dit, azken batean, neure burua kontrolatzen ikasi dut.  

«Kenpo Kain hasi arte, ez nuen sinesten zenbateraino ikasten ahal den norbere burua kontrolatzen»

Zer mezu emanen zenuke? 

Konpromisorik gabe eta lasai ederrean Kenpo Kai probatzera etortzeko erranen nioke jendeari. Gustatzen ez bazaie, utziko dute, eta gustatzen bazaie segitu. Normalean probatu dutenak gelditzen dira. Suabe-suabe hasten gara, minik hartu gabe. Horren harira, telebistak kalte handia egin duela erran nahi dut. Arte martzial mistoak erakusten dituzte, eta horietan denak balio du. Pinpi eta panpa, artikulazioetan eta denean kolpeak emanez ibiltzen dira. Horiek nola bukatuko dute? Jakinekoa da, ongi ez. Zentzuz ibili behar da, biharamunean lanera edo ikastera joan behar dugula oroitu, eta beraz, disfrutatzen ikasi. Telebistan ikusten ditugun horiek hortik bizi dira, gu ez. Ez dut bertze kirolen kontra deus, baina futbolean, adibidez, haurrek Messi izan nahi dute eta ttikitatik egurra emateko erakusten zaie. Hori da mezua. Pilotan ere batzuetan nazkatuta bukatzen nuen jendearen komentarioekin... Kenpo Kain ez dago halakorik, hemen ahalik eta hobekien pasatzea nahi dugu, parte hartzea eta ahal dena egitea. Irabazten baduzu, hagitz ongi, eta irabazten ez baduzu, ez da deus pasatzen.  

Dokumentuaren akzioak