Dokumentuaren akzioak
Kemenek zazpigarren urtez eskainiko du 'Hondarribia Dantzan'
Gamere-Zihigako maskarada izango da ekitaldi nagusia, larunbatean. Ostiralean Jean Mixel Bedaxagarrek 'Maskaradak' hitzaldia eskainiko du udaletxeko areto nagusian
Kemeneko antolatzaileek diotenez, «hezkuntza ikuspegia zein alde ludikoa barneraturik dituen dantzaren eta orobat folklorearen inguruko festa da 'Hondarribia Dantzan'. Bailaran dantzaren zabalpena bultzatuko duen ekintza izanik, gure helburu nagusienekin bat egiten du. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren alde lan egin ahal izateko bidea ere bada».
Atzo, gaur eta bihar Lizarrako Larrain dantza lantzeko ikastaroa dago martxan Jostaldi pilotalekuko gimnasioan.
Ostiralean, Jean Mixel Bedaxagarrek 'Maskaradak' hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko zazpiak eta erdietatik aurrera, udaletxeko areto nagusian. Urdiñarben jaioa, Jean Mixel Bedaxagar aita, osaba eta aitona dantzariak zituen dantzari familia batean hazi zen eta dantzan eman zituen lehen urratsak, maskaradetan parte hartuz. Ondoren xirulari eta kantuari ekin zion. Hainbat pastoraletan parte hartu du eta nahiz eta kantagintzak ezagutarazi duen, berak dioenez, «ni lehenik dantzaria naiz, txirula-jotzailea ondoren eta kantaria gero».
Ikastaroa eta hitzaldia ondoren, asteburuan kokatuko dira ekitaldi nagusiak. Larunbat goizean 'Barrikadak' egingo dituzte, herriko zenbait gunetan. Dantza egin eta elkarteetan salda edota jateko zerbait emango diete. Kai zaharrean, Portuan, Gipuzkoa plazan eta Olagarro elkartearen parean izango dira ekitaldiak eta Itsas Lur, Txantxangorri taberna, Klink eta Olagarro, elkarte laguntzaileak.
Arratsaldeko lauak eta erdietan Gamere-Zihigako gazteek maskarada eskainiko dute, Santa María Magdalenako plazan. Aurten Zuberoatik kanpo egingo duten ekitaldi bakarra izango da eta, beraz, aukera paregabea.
Arratsaldean, han bertan, Kemen Dantza Taldeko musikariekin erromeria ospatuko da, zortziak eta erdietatik hamarrak eta erdietara.
Igandean, aurtengo 'Hondarribia Dantzan' bukatzeko, bailaran euskal dantzak ikasten diharduten hainbat haurren bilkura burutuko da. Talaia ikastolako dantzari txikiez gain, Irungo Adaxka Dantza Taldea, zein Kemenen harrobi diren beste hainbat haurrek hartuko dute parte. Hamaiketatik aurrera herriko kaleak alaituko dituzte eta hamabietan Santa María Magdalenako oholtzara igoko dira.
Dokumentuaren akzioak