Dokumentuaren akzioak
Kemenek urriaren 14an ospatuko du dantza taldearen 50. urteurrena jaialdi batekin
Kemenek dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko jaialdia egingo du urriaren 14an, larunbatean. Jaialdiak urte hauetan guztietan taldean ibilitako dantzariak eta musikariak, eskualdeko lagunak eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako lagunak elkartuko ditu. Urteurrenaren ospakizunerako dantza taldeak egun osoko egitaraua prestatu du.
Eguna “Kemen, 50 urte” dokumentalaren emankizunarekin hasiko da, goizeko 12:00etan Uranzu frontoian emango dena. Eguerdiko 12:30an berriz, kalejira egingo dute hirian zehar. Eguerdiko 14:30ean Herri Bazkaria egingo da Santiago frontoian. Bazkarirako sarrerak 20 eurotan salgai daude eta kemen.urteurrena@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 686 872 207 telefono zenbakira deituta eskuratu daitezke. Adin txikikoak heldu batez lagunduak joan beharko dira.
Arratsaldean, berriz, Santiago frontoian festak aurrera jarraituko du. 17:00etan Gabenara erromeria eta 20:30ean McOnak kontzertua izango dira. Ondoren, jai giroa 00:00ak arte luzatuko da.
Ospakizunerako gonbidapena
1973an taldea sortu zenetik taldeak hamaika ekimen antolatu ditu eskualdean zein Euskal Herri luze zabalean. Eskualdean dantza eta euskal kulturaren inguruan dabiltzan eragileen arteko harremana lantzea garrantzitsua izan da beti Kemenentzat, eta hainbatetan izan dute elkarrekin aritzeko aukera. Urteurren hau, beraz, eragile horiekin ere ospatu nahi dute.
Dokumentuaren akzioak