Dokumentuaren akzioak
Kemenek 50. urteurrena ospatuko du hilaren 14an
Kemen Dantza Taldea 50. urteurrena ospatzen ari da, eta urtemuga esanguratsu hori goratzeko, jaialdi bat antolatu dute hilaren 14rako. Mende erdia pasa da jada Irun eta Hondarribiko Txingudi Ikastolako hainbat gurasok taldea sortu zutenetik. Ordutik, ehunka dantzari eta musikari pasa dira taldetik, eta dantza taldeak adierazi du Euskal Herrian zein mundu mailan izan direla dantzan, hainbat topaketetan parte hartuz. 50. urteurrena Kemenen parte izan diren dantzari, musikari eta bidelagunekin ospatu nahi dute, pertsona horiek guztiak elkartu nahi dituzte.
Ikasturtean zehar joan dira urteurren esanguratsu hori ospatzen, baina hilaren 14rako egun osoko jaialdi handia antolatu dute. Jaialdia 12:00etan hasiko da Kemenek Uranzu pilotalekuan duen egoitzan. Kemen, 50 urte dokumental laburra proiektatuko dute. Ondoren, 12:30ean, kalejiran abiatuko dira Uranzutik Kemeneko musikariez lagunduta.
14:30ean, aldiz, herri bazkaria egingo dute Santiago frontoian. Bazkaria irekia izango dela jakinarazi dute Kemeneko kideek, eta interesdunek WhatsApp-ez (686 87 22 07) edo posta elektronikoz egin behar dute erreserba. Bazkariko txartelek 20 euroko kostua dute, eta adin txikiko pertsonak heldu batekin joan beharko direla esan dute. Txartelak lortzeko azken eguna hilaren 7a da.
Bazkalostea Gabenara erromeriak girotuko du 17:00etatik aurrera. Ondoren, 20:30ean, McOnak taldearen kontzertua izango da. Eguna 00:00etan bukatuko da Santiago frontoian, jai giroan eta musikarekin.
Kemen Dantza Taldeak modu batera edo bestera taldearen parte izan diren pertsonei jaialdira bertaratzeko gonbidapena luzatu die.
Dokumentuaren akzioak