Dokumentuaren akzioak
Kemen, Eraiki eta Meaka taldeek baserritar inauteriari ongi etorria emango diote Puska biltzearen bitartez
Kemen Dantza Taldea 70eko hamarkadako amaieran hasi zen
antolatzen. «Urtez urte, inauteri igandean Olaberria auzoan zehar
baserriz baserri ibili izan gara fandango eta arin-arinak dantzatuz eta
puskak bilduz», zioten Kemen Dantza Taldetik.
Kemen 35. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dabil. «Hau dela eta azken hogeita hamabost urteetan taldetik igaro den orori gurekin batera parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diogu», adierazi zuten. Ekintza honetan parte hartzeko interesa dutenak Kemen taldeko lokaletik pasa daitezke informazio eske.
Eraikiko kideek 1984an berreskuratu zuten ohitura hau eta geroztik, Behobia eta Bidasoako baserrietan aritu dira dantzatzen. Eraiki Dantza Taldeko dantzariak larunbatean, goizeko bederatzietan, elkartuko dira baserriz baserri puskak biltzeko. Ibarla Meaka Dantza taldeak ere parte hartu du ekimen honetan eta hala, inguruko baserrietatik arituko da dantza egiten inauteri larunbatean, goizeko bederatzietatik aurrera.
Puska biltzea guda aurretik ospatzen zen Irunen, ondoren ohitura hau debekatu egin zen 70eko hamarkadan dantzariek berreskuratu zuten arte. Ekintza honen helburua izpiritu gaiztoak uxatzea da. Horretarako, dantzariek arin-arin eta fandangoak dantzatzen dituzte baserrietan. Baserritarren aurrean dantzatu ondoren, kalejiraren bitartez agurtuko dituzte baserrietako bizi- lagunak. Baserritik irten baino lehen puskak jasoko dituzte. Normalean, arraultzak, txorizoa, gazta, sagardoa, ardoa eta bestelako elikagaiak jasotzen dituzte dantzariek.
Dokumentuaren akzioak