Dokumentuaren akzioak
Kemen Dantza Taldeak Euskal Herri inauteriak ospatuko ditu larunbatean
Larunbat eguerdian Euskal herri inauteria ospatuko da Irunen Kemen Dantza Taldearen eskutik, aurreko hiru urteetan bezala. Taldetik azaldu dutenez, «aurten karrikaratuko dugun inauteria Goizuetakoa izango da. Goizuetan, Europa osoan zehar egiten den moduan, inauterietan kuestazio bat burutzen da herri osoan zehar. Puska eske hau egiteko garaian makilak dantzan jartzen dituzte goizuetarrek, eta modu berean egingo dugu Irunen ere», adierazi zuten Kemen Dantza Taldetik. 250 pertsonatik gorako konpartsa osatuz, «Goizuetako umore sanoa Irungo kaleetan» zabalduko dute.
Kemen Dantza Taldeko partaideez gain, «taldearen harrobiko kideek ere parte hartuko dute, Txingudi Ikastolako dantza taldeak, Eguzkitzako dantza taldeak eta Elatzetako dantza taldeak hain zuzen ere. Hauei lagunduz, Kemen dantza taldeko musikariek Irungo kaleak doinuz beteko ditugu, Irungo musika eskolako musika ikasleei deialdi berezia eginez».
Ekimena larunbateko 12:00etan hasiko da, Pio XII enparantzan. Dantzariek burutuko duten ibilbidea hau izango da: Serapio Mujika, Juan Arana, Gipuzkoa etorbidea, Zabaltza plaza, Colon ibilbidea, Foru kalea, Kale Nagusia, San Juan Harria plaza, Eliza kalea, Eskoleta kalea, Junkal plazatxoa eta Erromes plaza. Azaldu zutenez, «ibilbidean zehar hainbat geldialdi egingo ditugu, Goizuetako zahagi dantza plazaratuz». Bukatzeko, «zaharren egoitzara bisita egingo genuke inauteri jaia bertaratuz eta azken zahagi-dantza beraien aurrean dantzatuz».
Dokumentuaren akzioak