Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaxianoren omenez, trikitixa, dantza eta ganbera musika izango dira, gaur, Azpeitian

Dokumentuaren akzioak

Kaxianoren omenez, trikitixa, dantza eta ganbera musika izango dira, gaur, Azpeitian

Lizartzako itsuaren ‘Itsasontzi baten’ eta ‘Zorionak’ egokitu ditu Et Incarnatus Est orkestrak

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/03/19

Kaxianoren doinuak oso bereak dituen soinuekin entzuten ohitua dago jendea, baina gaur, orkestraren soinua hartuko dute bere kantu ezagunenek. Et Incarnatus Est Migel Zeberiok zuzentzen duen ganbera orkestra arduratuko da Zorionak eta Itsasontzi baten kantuak eskaintzeaz, Edurne Iturberen trikitia dutela protagonista nagusi. Horiez gain, Tapia ta Leturiaren Ederra zareala eta Nere laztana kantuak ere orkestratu dituzte emanaldirako. Gonzalo Tejada musikagileak egin ditu egokitzapenak. Edurne Iturbe EITBko jaialdiko iazko irabazlea izan zen, eta hori dela eta aukeratu dute Kaxianoren kantuak orkestrarekin jotzeko.



Azpeitiko oholtzan, ordea, musikari gehiagoren saioak ere izango dira. Edurne Iturbe trikitilariarekin batera joko dute Oihana Irastortzak panderoa eta Donato Goienetxek perkusioa. Orkestrak kantu horiek jo ondoren egingo den trikiti saioa zabalduko dute hirurek. Ondoren izango dira Ander eta Aintzane Agirrebeña eibartarrak, Josune eta Aitziber Otegi beasaindarrak eta Maria Jose Arregi eta Zabale azkoitiarrak —soinu txikia eta handia batera joko dituzte—.



Jon Maya koreografia berria aurkezten



Emanaldiaren bigarren atala dantzak hartuko du. Jon Maya dantzariak sortutako Ttakun koreografiaren estrainaldia ikusteko aukera izango da lehenik, berak zuzentzen duen Kukai taldearen eskutik. Oreka Tx-en pieza batean dago oinarriturik. Deiadarra koreografia ere dantzatuko dute, Kepa Junkeraren abesti baten erritmoan. Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde, Ekaitz Larrañaga eta Ainhoa Joaristi bikoteek dantzatuko dute azkenik.

Dokumentuaren akzioak