Dokumentuaren akzioak
Kaxiano zenaren hainbat inauteri kantak kalean
Lizartzako Otsolar dantza taldeko kideek plazaratu berri du disko bat Lizartzako Itsuaren abestiekin
Rafa Aginaga, Otsolar dantza taldeko kideak azaldu zuenez «duela hamar urte eskatu genion Kaxianori inauterietako kanta batzuk prestatzeko eta gero, Jexux Mari Esnaola animatu zen. Denetara 37 doinu bildu ditugu lan honetan eta horietako 11, Lizartzako dantzariak dantzatuko ditugu jende aurren inauterietan lehengo aldiz».
Aginagak aipatu zuenez, «duela hamar urte Lizartzako inauteriak ospatzen hasi ginen, 46 urte geldirik pasa eta gero». Hori ospatzeko Otsolarrekoek diska hau grabatu dute Hernialdeko Txepe C.B estudioan.
Denetara, herriko 30 lagun hartu dute parte kanten grabaketan eta herriko hainbat musikalari izan dira doinuen jotzaleak. Aginagak azpimarratu zuen herritarrek egindako lana, «doinuak grabaketan ordu asko pasa zituzten Hernialdeko estudioan, eta kantekin berriz asteburu bat eman genuen. Aldez aurretik gainera, entseiuak egin genituen hemen, Lizartzan eta egia esan, jendeak gogoa handia jarri du diskoaren grabaketan».
Lana paregabea
Aurkezpen ekitaldian Iñaki Egiguren, txistularia eta dultzaineroa, eta Iñaki Letamendia, Tolosa eta Billabonako musika eskolako irakaslea eta txistulariak hartu zuten parte. Egigurenek azpimarratu zuenez «Lizartzan egindako lana beste herrientzat adibide bat da eta Kaxianoren arrastua musikagintzan antzaeman daiteke bertan. Argi ikusi daiteke lan honetan, Lizartzan txistulari tradizioa hedatuta dagoela».
Letamendia berrriz, diskoaren bi zatiak kalitate handikoak direla azpimarratu zuen, «diskoa entzun ondoren erepertorioa atsegina dela esan dezaket, martxa eta erritmo handiko piezak entzun daitezke bertan eta grabazioa ere kalitate handikoa dela azpimarratu nahi nuke. Gainera grabazioan ikusi daiteke abestien letrak argi entzun daitezke eta hori ere garrantzitsua da».
Dokumentuaren akzioak