Dokumentuaren akzioak
Kaxa gainean San Pedroren omenez
Ohiturari jarraituz, kilin-kalakoa, andrazkoen aurreskua eta kaxarranka izan dira Lekeition
Agintarien prozesioaren eta mezaren ostean, antzinako ohiturari
jarraituz, kilin-kalakoa egin zuten portuan San Pedroren irudiarekin.
Ohitura horretan, santuaren irudia ur gainera okertzen dute. Zenbat eta
gehiago okertu, arrantza oparoagoa izango ei da urte horretan.
Kilin-kalakoa egin ostean, kaxarranka egin zuten dantzariek,
mendeetako ohiturari jarraituz. Hasteko, San Pedroren portuko irudiaren
aurrean egin zuten, gero kofradia aurrean, eta, azkenik, herriko
plazan. Azken urte hauetan bezala, Asier Uskolak egin zuen kaxa gainean
dantza.
Kaxarranka kofradia parerantz abiatu eta gero, urtero legez,
emakumezkoek aurreskua egin zuten herriko plazan, urteroko ohiturari
jarraituz.
Gaur, San Pedro txiki
Jaiekin jarraitzeko, San Pedro txiki eguna izango da gaur, eta hainbat ekitaldi izango dira.
Alde batetik, eguerdian erromeria egongo da, musika bandarekin.
Arratsaldean, igeri lehiaketa jokatuko da, Garraitzek antolatuta.
20:30erako, berriz, 1970eko hamarkadan oinarritutako festa antolatu
dute Talan.
Bestalde, gazteen biltzarrak San Pedro Gazte Eguna antolatu
du. Plater originalen lehiaketa, bazkaria, poteoa eta beste hainbat
ekitaldi antolatu dituzte gazteek.
San Pedro Baltza Eguna ospatuko dute bihar. Rufo Atxurra
plazan izango dira ekitaldiak. 12:00etan meza emango dute, eta horren
ostean, kinkirrinkoia eta galletak emango dituzte Sostor elkartekoek.
Arratsaldean, umeentzako jokoak eta txokolate jatea egongo dira.
22:00etan, Esteibar eta Obieta izango dira han.
Dokumentuaren akzioak