Katerin Artola, gipuzkoar erako Euskal Herriko III. Aurresku Txapelketa Nagusiko garailea. (Jon URBE/FOKU)
Katerin Artolak Oiartzunera eraman du gipuzkoar erako Euskal Herriko III.Aurresku Txapelketa Nagusiko txapela, hirugarren aldiz segidan. Bigarren eta hirugarren postuak Eneko Etxebestek eta Mattin Etxebestek eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Norgehiagoka Hondarribiko Itsas Etxea aretoan jokatu da larunbat honetan.
Guztira 12 dantzarik hartu dute parte, guztiak gipuzkoarrak: Markel Goenaga (Elgoibar), Mattin Etxebeste (Oiartzun), Olatz Azkue (Lezo), Jone Gil (Elgoibar), Iker Belintxon (Lezo), Eneko Etxaniz (Elgoibar), Irati Olaizola (Legazpi), Maddalen Oñederra (Elgoibar), Katerin Artola (Oiartzun), Maider Encina (Legazpi) eta Jon Etxeberria (Elgoibar).
Antolatzaileak Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Egoipar eta Ibarla Meaka dantza taldeak izan dira. Epaimahaiari dagokionez, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatu du eta Jose Luis Vallejok, Nahikari Vizuetek eta Maria Ferreirok osatu dute.
Dantzariek, Hondarribiko txistulari taldeak doinua jarrita, Aurkez aurke (desafioa) eta soinu zahar bat (Ehun dukat, Ehun eta bikoa eta Grazianaren artean dantzari bakoitzak aukeratu duena) dantzatu dituzte. Zortzikoa berriz, aurreko dantzetan puntuazio altuena lortu duten 6 dantzariek eskaini dute.
Sari banaketa
Katerin Artolak eskuratu du sari nagusia. 400 euro poltsikoratzeaz gain, Gipuzkoako Euskal Dantzarien biltzarreko trofeoa, Txapela eta Patxi Epelde eskulturgilearen lana hurrengo edizioa ospatu arte bere herriko udaletxean gordeta izatearen «ohorea» lortu ditu.
Eneko Etxanizek, 2. postua eskuratu duen dantzariak, Hondarribiko Udalak eskainitako trofeoa eta 300,00 euro eraman ditu etxera. Azkenik, oiartzungo Martin Etxebestek 3. postua eskuratu duenez, Hondarribiko Udalak eskainitako trofeoa eta 200,00 euro jaso ditu.