Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Katerin Artola eta Iker Belintxon, txapeldun

Dokumentuaren akzioak

Katerin Artola eta Iker Belintxon, txapeldun

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 48. ekitaldia bere egin dute oiartzuarrak eta lezoarrak. Maren Galvez eta Gorka Granado, bigarren.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Lezo, Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2024/10/21
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Artola eta Belintxon, behin irabazle izendatuta, ohorezko dantzaldian Seguran.

2020an egin bezala, Katerin Artola Telleria oiartzuarrak eta Iker Belintxon Lizarazu lezoarrak bikotekako Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi dute. Larunbatean izan zen txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan. Beraz, faboritoen artean bazeuden ere, dantzaldi ederrak egin zituzten biek ala biek txapela zakura eramateko. Oiartzun ordezkatu zuten biek. Bigarren, berriz, Maren Galvez Garmendia lezoarra eta Gorka Granado Terrones sopelarra izan ziren, Lezon ordezkatuz. Irabazleetatik lau puntura gelditu ziren, beraz, esan daiteke bi bikoteen arteko lehia estua izan zela.

Hamahiru bikotek parte hartu zuten Segurako Euskal Herrikoan. Horietatik bostek Oarsoaldeko herriak ordezkatu zituzten, Lezo eta Oiartzun zehazki. Kopuru aldetik nagusi ziren herrialdeko beste eskualdeekin alderatuta, baina nagusitasun hori oholtza gainean ere azaldu zuten. Horren seinale, lehen bi sailkatuak Oarsoaldekoak izan zirela.

Lehen biez gain, honakoak izan ziren eskualdeko dantzarien emaitzak: Ane Jaunarena Cereijo eta Endika Osa Urkizu lezoarrak seigarren izan ziren; Ane Anuariz Etxebeste eta Mikel Esnaola Lopez, haiek ere lezoarrak, zortzigarren; eta Mikel Artola Balda usurbildarra eta Manex Elgeta Tolosa oiartzuarra (Oiartzun ordezkatu zuten), hamahirugarren.

Irabazle izateagatik hainbat oroigarri eta sari jaso zituzten Artolak eta Belintxonek. Batetik, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko oroigarria; bestetik, Gipuzkoako Fortu Aldundiaren oroigarria, eta Segurako Udalaren 800 euroko saria nahiz oroigarria. Nola ez, Segurako Udalak emandako sari nagusia eurentzat izan zen, baita txapela, lepokoa eta txapelketako garaikur nagusia ere:Koldobika Jauregik egindako garaikurra. Ekainaren 16an zendu zen sortzailea.

Bigarren izateagatik ere hainbat sari jaso zituzten Galvezek eta Granadok, tartean 600 euroko diru-saria eta oroigarria. Lezoarra eta sopelarra 2021eko edizioan izan ziren garaile.

Jarraian, sailkapen osoa (parentesi artean bikote bakoitzak zein herri ordezkatu zuen)

  • 1. Katerin Artola Telleria-Iker Belintxon Lizarazu (Lezo) 75 puntu.
  • 2. Maren Galvez Garmendia-Gorka Granado Terrones (Lezo) 71 puntu.
  • 3. Jone Arriaran Lizarralde-German Aranburu Sarasua (Azpeitia) 68 puntu.
  • 4. Saioa Galarraga Pardina-Julen Murgiondo Izagirre (Bergara) 66 puntu.
  • 5. Laura Bastida Garate-Ekain Uzkudun Dorronsoro (Azpeitia) 65 puntu.
  • 6. Ane Jaunarena Cereijo-Endika Osa Urkizu (Lezo) 60 puntu.
  • 7. Nora Aizpuru Saenz de Samaniego-Iker Zabala Etxeberria (Azpeitia) 57 puntu.
  • 8. Ane Anuariz Etxebeste-Mikel Esnaola Lopez (Lezo) 53 puntu.
  • 9. Elaia Elorza Ezama-June Elorza Ezama (Azpeitia) 49,50 puntu.
  • 10. Malen Arrizabalaga Etxezarreta-Enaitz Segurola Zubimendi (Azpeitia) 49,50 puntu.
  • 11. Jare Labaka Aranzadi-June Izagirre Gurrutxaga (Azpeitia) 46 puntu.
  • 12. Leire Urrestilla Azkue-Iker Urrestilla Azkue (Zestoa) 42 puntu.
  • 13. Mikel Artola Balda-Manex Elgeta Tolosa (Oiartzun) 39 puntu.

Dokumentuaren akzioak