Dokumentuaren akzioak
Katalunia eta Euskal Herria batzeko ekimena, zapatuan, Elgetan
Kataluniako dantzazale talde batek orain dela bost urte sortutako ekimena da Escamot català; euren helburua abenduko zubian Euskal Herrira musikariak eta dantzariak bisitan etortzea da, eta herri horietan dantzaldiak sortzea. Antolatzaileen esanetan, urtetik urtera arrakasta handiagoa dute Kataluniako eta Euskal Herriko dantzazaleen artean, saioetan sortzen duten dantza-giro ederragatik.
Hogeita hamasei lagun etorriko dira aurten Escamot català irteeran Euskal Herrira, eta hiru geltoki izango dituzte: Iruñean abenduaren 6an lehenengoa, Elgetan hurrengo egunean eta Nafarroako Lakabe herrian abenduaren 8an.
Dimentsio politikoa, aurten
Ohiko dantza-giroaz gain, dimentsio politikoa ere eman nahi izan diote aurtengo topaketari; hori horrela, Katalunian bizitzen ari den egoerari buruzko hitzaldi-tertulia prestatu dute udaletxean, 13:00etarako, eta, ondoren, Mendizaleen Plazan L'estaca kantua elkarrekin abesteko proposamena egin dute. Arratsaldean, berriz, dantza izango da egitarauko protagonista nagusia: "Kataluniako dantzei buruzko ikastaroa jasoko dugu Espaloia antzokian, Joan Codina Vilaren eskutik. Tailerrean parte hartu gura dutenek Elgeta.eus atarian eta Elgetako udaletxean eman beharko dute aurrez izena, eta 5 euro dira ordaindu beharrekoak. 20:00etan, dantza saio irekia eta doakoa egingo dugu, hiru hilean behin egiten dugun moduan; zuzeneko musikarekin, oraingoan. Europako mendebaldeko folk dantzaldietan eta gurean ohikoak diren dantzak – borobila, chapelloise-a, kontradantzak, pasodoblea...–, Okzitaniako sokak eta korro-dantzak eta Kataluniako askotariko dantzak egiteko asmoa dugu".
Dantzatzeko aukeraz gainera, jateko eta edatekoak ere izango dira Espaloian; besteak beste, talo ekologikoak.
Dokumentuaren akzioak