Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Katalina de Erauso', oso pastoral femeninoa

Dokumentuaren akzioak

'Katalina de Erauso', oso pastoral femeninoa

'Katalina de Erauso', oso pastoral femeninoa

Pastorala oso ikuskizun zuberotarra izan da mendeetan zehar, baina gauzak aldatzen hasiak dira. Baionak prestatu du bere lehenbiziko pastoral herrikoia, ‘Katalina de Erauso’, eta igande honetan ikusi ahal izango da Lauga aretoan, 15:30ean hasita.
Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2016/06/01
Lotura
Diario Vasco

Badu pastoral honek bereizgarri handi bat: lehenbiziko pastorala dugu emakume batek emakume bati buruz idatzia, eta, halaber, lehenbizikoa zuzendaria emakume batzuk dituena. Idazlea Maite Berrogain-Ithurbide izan da; errejentak, Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre; eta kantoreen irakaslea eta doinuen egilea, Sophie Larrandaburu.

Pastoralaren desfilea goizeko 10:30ean abiatuko da San Izpiritutik. Jarraian, ohitura den bezala, kanta-saioak izango dira. Buhaminak, Haiz’Egoa eta Baionan Kantuz taldeak han izango dira ‘Eperra’, ‘Baratze bat’ eta ‘Oihanean’ eskaintzeko. Lauga aretora bidean 140 antzezle, dantzari eta soinulari ariko dira, eta 25 ardi, txakur bat eta asto bat.

«Abentura ederra» izan da hiru urteotan zehar lanak aurrera eramatea, Pantxika Urrutyk adierazi duenez. «Pastorala emazte baten historia da, emazte baten borroka, beti libre bizi nahi izan duen emazte batena», gaineratu du.

Donostian hamaseigarren mende hondarrean sortua, Katalina de Erausok oso bizitza abenturazkoa izan zuen. Komentutik ihes egin zuen 15 urte zituelarik, bere gisako emakumeen zorteari ihes egiteko, gizonez mozorrotu eta azkenean bere emakume-askatasuna eskuratu zuen gizonen artean.

Espainiako armadaren barruan jardun zen, indioen kontra Hego Amerikako konkistan, eta alferez gradua eman zioten. Bere emakumetasuna salatua izan zelarik, sekulako fama bildu zuen Europan.

2013an, Donostiak Europako kultur hiriburutza lortu zuelarik, bertako arduradunak harremanetan jarri ziren Maite Berrogain-Ithurbiderekin, eta donostiar hari buruzko pastorala idazteko eskatu.

Donostian ere eskainiko da ‘Katalina de Erauso’, irailaren 3an, Victoria Eugenia antzokian.

Estreinaldiaren atarian dira, hiru urteko lanaren ostean.

Estreinaldiaren atarian dira, hiru urteko lanaren ostean. / MATHIEU PRAT

Dokumentuaren akzioak