Dokumentuaren akzioak
Karrozen desfilearekin akitu dira Sunbillako inauteriak
Beti bezala, giro ederra izan zen eta jendetza hurbildu zen sunbildarren irudimenaz eta borondateaz gozatzera
Desfilea irekiz, beti bezala, Ulibeltzak elkartearen eta herriaren hiru karrozak zeuden, tortilla, ardoa, hezur salda, taloak, txokolatea eta bertze jakiak eskaintzen, Sunbildarren borondatearen erakusgarri. Gainera, gero bildotsarekin batera zozketatuko zen zerria ere erakusten zuten eta txartelak saltzen zituzten, euro baten truke.
Ondotik zetozen orgetan, irudimena libre! Territorio Komantxe irudikatu zuten eskolako haur eta guraso indiarrek, Ali Babá ere etorri zen bere 40 lapurrekin, aziendaz betetako granja, Teo baserrian, Lucky Luke eta Daltondarrak Sunbilla Cityn, kontrabandistak eta guardia zibilak, Alaska eta Marioren telebistako showa, errumaniarren ezkontza, arrosaz jantzitako barbie titi-haundiak, Brasilgo Me Rio de Janeiroko batukada, Nafarroa gaztelarren kontra defendatzen zuten gudariak, eta elurreko duatloia (eskia eta erriflea) irudikatzen zuen karroza izan ziren ikusgarrienak.
Herri osoan barna itzulia egin zuten, plaza inguruan akitu arte. Bertan egin zen zerriaren eta bildotsaren zozketa. Igande goizean herrian saldu ziren txartelez gain, gazteek ere hainbertze salduak zituzten etxez etxeko eskean, inauterietako gastuak estaltzen laguntzeko. Denera, kasik 7.000 txartel saldu ziren. Bi sariak Sunbillan gelditu ziren. Zerria, Lorenzo Petrirenarentzat izan zen, bera baitzen 5.177 zenbakiaren jabea eta bildotsa Mari Paz Gelbentzurentzat, 3.156 zenbakiarengatik.
Ali Babá eta berrogei lapurrak ere Sunbillan izan ziren. Argazkia: Maider Petrirena
Dokumentuaren akzioak