Dokumentuaren akzioak
Karrikan ez dute hotzik
Karrikako kuestazioko partaideak, hasi aurreko talde argazkian.
Artaso inguruan bildu dira Karrikatarrak, eta hango taldean atera nahi zuten guztiak. Tximinietatik, eta bertan ziren oiartzuarren ahoetatik ke zuria. Zelaietan ihintza. Besokoak jarri, ilea apaindu, gonak estutu, talde argazkia egin, eta martxa. Bi taldetan banatu dituzte partaideak; izan ere, jende askok bat egin du Karrikako taldearekin. “100 bat izango gara”, esan dio HITZAri auzotar batek, harro.
Artaso elkarteko sukaldean dago Izar Gaztelumendi, goxo. Lagunekin prestatzen ari da kuestazioan ateratzeko. Kanpoan izandakoa da Gaztelumendi, ikasten. “Egun berezia da gaurkoa. Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da Karrikara, lehen gutxi-gutxi ginen. Karrikan eta auzo guztietan asko igo da kuestazioko partaideen kopurua. Lehen lau katu ginen. Hemen, bi talde egin behar ditugu, pentsa”. Kanpoan ikasten zenean, ihoteetara espresuki Oiartzunera etortzen zela aitortu du gazte oiartzuarrak, desiotan zegoela jaiaz gozatzeko. Esan du ez dutela aparteko entsegurik egin kuestazioko dantzetan trebatzeko, “ezagunak dira dantzak arin-arina eta fandangoa. Ihote balsa ere gehienok dakigu. Tira, dantzak ez dakizkitenek, dakitenei begiratzen ikasten dute”. Kuestazioan ea auzoen arteko pikea dagoen galdetuta, halakorik ez dela adierazi du irribarre konplizearekin, “pikerik ez, goxo izaten gara, haserrerik gabe”. Kuestazioaren ondoren, auzoan bazkaria egingo dute, eta arratsaldean gainontzeko auzoetako kideekin elkartuko dira herriaren kaskoan: “Batzuetan kuadrilla bereko kideak auzoetan banatzen dira. Ez dira kuadrillak hausten, e! Banatu bai, gero elkartzeko. Elkartze hori ere berezia da”.
Artaso elkartearen barrualdean dago Maddi Nazabal. “Egun oso berezia da gaurkoa. Herriko eta auzoetako giroa sustatzea lortu da nolabait. Herriko gazteek ondo pasatzeko festa bat antolatzea lortu da. Gero eta jende gehiago dago”. Karrikan 100 bat lagun bildu dira, “baina badira estranjeruak ere, ez pentsa. Batzuk ez gara Karrikakoak, baina urte dezente daramatzagu hemen ateratzen. Ez dago inolako zer ikusirik hasieran ateratzen ginenen kopuruarekin, eta gaur egungoarekin: gutxi izatetik, asko izatera pasa gara. Eta estranjeruak onartzen jarraitzen badute, kexik ez”. Elizaldekoa da Nazabal. “Hotza egiten du, baina pixkat dantzatuta berotuko gara”, azaldu du, baikor. Iaz, pandemiaren arrastoarekin egin zen kuestazioa: “Aurten bai, behar den bezala pasako dugu eguna”.
Artasotik atera eta auzoan barrena joan dira Karrikako kuestazioko partaideak. Musikariek komeriak izan dituzte behatzak berotzeko, instrumentuei eragiteko goxotasuna topatzeko. Baina dena hastea da. Auzoa zirikatu, baserriak astindu, eta ilusio eta gogoa zabaldu dute Karrikan, festa gogoa. Hala ari dira beste auzoetan ere bai.
Dokumentuaren akzioak