Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Karin Fouzek jasoko du 2019ko Dantza Saria

Dokumentuaren akzioak

Karin Fouzek jasoko du 2019ko Dantza Saria

Bihar hasiko dituzte Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak Donostian, kalean hainbat dantza eginez. Igandean, berriz, barra klasikoaren ohiko erakustaldia egingo dute Kontxan.
Egilea
Nagore Belastegi
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2019/04/12
Lotura
Naiz

0412_kul_karinona

Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da apirilaren 29a. Hori dela eta, Donostian Dantzaren Hilabetea izan ohi dute apirila. Bihar izango da lehen ekimena, Dantza Kalean deiturikoaren 23. edizioa. Alderdi Ederren izango da, udaletxeko terrazan zehazki, 18.30etik aurrera. Bertan hainbat dantza estiloren erakustaldiak egingo dituzte konpainia zenbaitek. 240 dantzarik hartuko dute parte.

Igandean, «donostiarrei asko gustatzen zaien» Barra Klasikoko Erakustaldia egingo dute. Donostiako Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Jon Insaustik aurkezpenean azaldutakoaren arabera, 1.576 dantzarik hartuko dute parte gero eta jendetsuagoa den ekitaldi honetan, 12.00etatik aurrera. Kontxako baranda txiki geratu zaie eta Alderdi Ederren hesiak jarriko dituztela iragarri dute.

Insaustik ere aurreratu zuen Pazko astean stageak antolatuko dituztela, dantza ikusteaz gain tailerretan parte hartu ahal izateko. Dantza-ikasleei eskainitako eskolak dira horiek, apirilaren 23tik 27ra emango dituztenak Victoria Eugenia antzokiko dantzagelan.

Hilabetea borobiltzeko, 2019ko Gipuzkoako Dantza Saria Karin Fouz donostiarrari emango diote. Sari ematea 27an izango da, 18.00etan, udaletxean. 28an gala egingo dute, Victoria Eugenian 19.30ean, eta bertan Karin Fouzek parte hartzeaz gain, beste gonbidatu batzuk ere izango dira, hala nola, Jon Vallejo –2010ean Dantza Saria eskuratu zuena–, Susana Santoro, Rina Kanehara, Aitor Arrieta, Sharon Lavy klake konpainia eta Dantzaz konpainia.

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidente Maria Eugenia Maisuechek aipatu zuenez, orain arte egindako ibilbideagatik emango diote Fouzi saria. «Atzerrian dauden donostiarrei ilusioa egiten die dantzatzera etortzeak», nahiz eta ez den erraza etortzea, bira eta ikuskizunak eskaintzen aritzen direlako etengabe. 

Dokumentuaren akzioak