Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Karin Fouz donostiarrak jasoko du Gipuzkoako Dantza Saria

Dokumentuaren akzioak

Karin Fouz donostiarrak jasoko du Gipuzkoako Dantza Saria

Larunbatean hasiko dituzte Dantzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunak Donostian, kalean dantza desberdinen erakustaldia eginez, eta igandean Barra Klasikoaren ohiko erakustaldia egingo dute. Pazko astean eskolak eskainiko dituzte, apirilaren 27an Karin Fouzi saria emango diote eta 28an gala ospatuko dute.
Egilea
Belastegi
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2019/04/11
Lotura
Naiz

Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da apirilaren 29an, Jean-Georges Noverre ballet modernoaren sortzailearen jaiotegunean. Hori dela eta, Donostian Dantzaren Hilabetea ospatu ohi dute apirilean.

Larunbatean izango da lehen ekimena, Dantza Kalean deiturikoaren XXIII. edizioa. Alderdi Ederren izango da, Udaletxeko terrazan zehazki, 18.30etik aurrera. Bertan dantza estilo desberdinen erakustaldiak egingo dituzte hainbat konpainiak: jazza, garaikidea, klasikoa, neoklasikoa, euskal dantza, flamenkoa, hip-hopa eta ekialdeko dantza, besteak beste. 240 dantzarik hartuko dute parte.

Hurrengo egunean, igandean, «donostiarrei asko gustatzen zaien» Barra Klasikoko erakustaldia egingo dute. Donostiako Kultura eta Hezkuntza zinegotzi den Jon Insaustik aurkezpenean azaldutakoaren arabera, 1.576 dantzarik hartuko dute parte gero eta jendetsuagoa den ekitaldi honetan. 825 barra txikian arituko dira eta 751 barra klasikoan 12.00etatik aurrera. Kontxako barandila osoa txiki geratu zaie eta Alderdi Ederren hesiak jarriko dituztela iragarri dute.

Insaustik ere aurreratu du Pazko astean stage-ak antolatuko dituztela, dantza ikusteaz gain tailerretan parte hartu ahal izateko. Dantza ikasleei eskainitako eskolak dira honakoak, apirilaren 23tik 27ra eskainiko dituztenak Victoria Eugenia antzokiko dantza gelan. Kalan Rocafull izango da irakaslea eta dantza klasikoko modalitatean maila desberdinei egokitutako gomendioak emango ditu.

Sari banaketa eta gala

Hilabetea borobiltzeko, 2019ko Gipuzkoako Dantza Saria Karin Fouz donostiarrari emango diote. Sari banaketa 27an izango da, 18.00etan, Udaletxean. 28an gala egingo dute, Victoria Eugenian 19.30ean, eta bertan Karin Fouzek parte hartzeaz gain, beste gonbidatu batzuk ere izango dira, hala nola, Jon Vallejo –2010ean Dantza Saria eskuratu zuena–, Susana Santoro, Rina Kanehara, Aitor Arrieta, Sharon Lavy klake konpainia edo Dantzaz Konpainia.

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidentea den Maria Eugenia Maisuechek aipatu duenez, Fouzi saria emango diote orain arte egindako ibilbideagatik. «Atzerrian dauden donostiarrei ilusioa egiten die dantzatzera etortzea», esan du gonbidatuei zein saridunari buruz. Elkartearen idazkaria den Menchu Medelek ere ideia hori azpimarratu du: «Zaila da etortzea etengabe ikuskizunetan eta biretan daudelako».

Galara joateko sarrerak salgai daude 20, 15 eta 8 euroan. Bi parte izango ditu: lehenengoan ‘Enyorança’, ‘Études’, Sanguineo’, ‘Banakanbanako’, ‘Come again’ eta ‘Esmeralda’ dantzatuko dituzte; bigarrenean, ordea, ‘Trilogia’, ‘La sylfide’, ‘Los esclavos felices’, ‘Nie placze nie’ eta ‘Vertigo maze’.

Karin_fouz_johansson_05

Karin Fouz, aurtengo saria jasoko duen dantzari donostiarra. (NAIZ)

Dokumentuaren akzioak