Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kantuek eta dantzek hartuko dute Astigarraga, gaur eguerdian

Dokumentuaren akzioak

Kantuek eta dantzek hartuko dute Astigarraga, gaur eguerdian

Komunikabidea
Kronika
Tokia
Astigarraga
Mota
Albistea
Data
2022/04/03
Lotura
Kronika
Astigar taldeko dantzariak, aurreko emanaldi batean.

Kantujira egingo dute Ergobitik abiatuta, eta Astigar taldeko eta Eltziegoko dantzariak ariko dira Foru Plazan.

Kulturarekin bi hitzordu berezi izango dituzte astigartarrek, gaur eguerdian, herriko kale eta plazetan. Kantuek eta dantzek hartuko dute herria, hainbat talderen eskutik.

Batetik, Astigarraga Ehuntzen egitasmoaren barruan, Kantujira antolatu dute, 12:00etan Ergobitik abiatuta. Aiztondok gidatuta, parte hartuko dute Galtzaur elkarteak, Bentazaharreko Mutil Alaiak taldeak, eta Norberto Almandoz musika eskolako haurren abesbatzak. Edonola ere, herri osoari zuzendutako jarduera da, eta astigartar guztiei luzatu diete deia, animatzeko. Ergobitik abiatu, eta bost plazatan egingo dituzte geldialdiak, 13:30ak arte: Kontxa Etxeberrian, Foru Plazan, Emakumeon Plazan, Sagardo Pla­zan, eta Joseba Barandiaranen.

Dantzak elkartuta, Astigarraga eta Eltziego

Eta bestetik, gaur izango du aurreneko zatia, Astigarragako eta Eltziegoko dantza taldeen arteko elkartrukeak. Eltziegoko dantzariak etorriko dira bisitan, eta Astigar taldekoekin batera, dantza emanaldia eskainiko dute eguerdiko 12:30etan, Foru Plazan.

Aurretik, arabarrei ongietorria egingo diete 10:30etan, eta Emakumeak ardogintzan erakusketa inauguratuko dute Sagardoetxean, apirilean ikusgai egongo dena. Ondoren, 11:30etan, bisita gidatua egingo dute Sagardoetxean. Eta segidan, desfilea egingo dute herrian barrena.

2020an jarri zuten martxan elkartrukea, bi herriek. Urte hartan, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa jarri zuten ikusgai Sagardoetxean, Juan Celaya Fundazioarekin elkarlanean; eta oraingoan, ardogintzako emakumeei eskainitakoa ekarri dute gurera, Eltziego kokaleku duen erakusketa.

Bi herrien arteko elkartrukeak, uztailean izango du segida: Eltziegora joango dira Astigar dantza taldea eta Astigarragako udal ordezkariak. 

Dokumentuaren akzioak