Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kantu eta dantza Oinez-en alde

Dokumentuaren akzioak

Kantu eta dantza Oinez-en alde

Nora abesbatzak eta Rocamador dantza taldeak eskainiko dute ikuskizuna

Ikastolaren alde kantuan eta dantzan ibiliko dira etzi Zangozan (Nafarroa). Aurtengo Nafarroa Oinez-eko antolatzailea izanik, hamaika ekitaldi prestatu ditu egun handia iritsi aurretik herriko ikastolak. Horietako bat dantza eta kantu jaialdia da; etzi izango da, herriko auditoriumean. Nora abesbatzak kantatuko du, eta Rocamador dantza taldeak ez eze, ikastolako ikasleek ere dantzatuko dute ikuskizunean. Jaialdiko sarrerak hiru euroan salduko dira auditoriumeko txarteldegian, egun berean. Bi ordu lehenago zabalduko dute txarteldegia.
Egilea
Irene Arrizurieta
Komunikabidea
Berria
Tokia
Zangoza
Mota
Albistea
Data
2014/02/06
Lotura
Berria

Ikastolaren aldeko jaialdian arituko diren Nora abesbatzak eta Rocamador dantza taldeak historia luzea dute herrian. Nora abesbatza 1968an sortu zuen Fermin Irigoien kaputxinoak. Garai eta molde ezberdinetako musika lantzea izan du helburu abesbatzak, kantu gregorianoa ez eze, garaikidea ere kantatzen du taldeak. Nafarroako egileen lana sustatzen ere egiten dute lana, eta, bereziki, Zangozako musika egileenak berreskuratzen saiatu dira.

Rocamador dantza taldea ere ez da atzean gelditzen. Herriak duen kultur elkarte emankorrenetako bat da. Gazte talde batek, gehienak emakumeak, eratu zuen 1972an, eta, harrezkero, eskualdeko eta Euskal Herriko dantzak ikasten eta irakasten dihardu. Zangozako jota zaharra berreskuratu du, eta Otsagabia eta Luzaideko dantzak ere dantzatzen ditu, polkak, zortzikoak eta bals zaharra ahaztu gabe. Herritar askok ikasi du dantzan taldeari esker. Berreskuratu eta ikasi dituzten dantzak ikusteko aukera izanen da etziko jaialdian.

Duela 35 urte sortu zuten Zangozako ikastola, eta hirugarrenez antolatuko du Nafarroa Oinez. Lehenengo Oinez-a 1987an antolatu zuten zangozarrek, ikastola sortu eta hamaika urtera, Euskerari garatzen utzi lelopean. Lortutako diruarekin ikastolak beharrezkoa zuen eraikuntza berria egin zuen. 1998ko urrian berriro antolatu zuen Nafarroa Oinez jaia ikastolak, Ametsa eraikiz leloarekin. Artean eraikin berri bat egin zuen lortutako diruarekin. 0-3 zikloa ezarri zen, eta Haur Hezkuntzako ikasleek toki nahikoa eskaintzen dien azpiegitura berria lortu zuten. Eraikin berria egiteko eskatutako kreditua behin betiko ordaintzeko izanen da aurtengo festa, Izan, esan, Zangozan lelopean.

KANTU ETA DANTZA JAIA

Non. Zangozan (Nafarroa).

Noiz. Etzi, 19:00etan.

Zer. Nafarroa Oinez-eko kantu eta dantza jaialdia.

Rocamador dantza taldea emanaldietako batean. / ROCAMADOR

Dokumentuaren akzioak