Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kantabriako dantzak ezagutaraziko dituzte Durangon Folk jaialdian

Dokumentuaren akzioak

Kantabriako dantzak ezagutaraziko dituzte Durangon Folk jaialdian

Kantabriako Virgen de la Nieves taldeak dantza saioa eskainiko du abenduaren 29an Plateruenean.
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2012/12/27
Lotura
Anboto

Durangoko Kriskitin dantza taldeak urtero antolatzen duen Durangon Folk jaialdian Kantabriako Tanos herriko 'Virgen de las Nieves' taldea da aurtengo talde gonbidatua. Kantabriako talde horrek eta Kriskitin dantza taldeak dantza erakustaldia eskainiko dute zapatuan, 19:00etan, Plateruena kafe antzokian. Sarrera doakoa da.

Dantza saioagaz batera, 'Virgen de las Nieves' taldearen historia ere ezagutara emango dute, bestek beste, argazkien bidez. Kriskitin dantza taldeko helburuen artean kulturartekotasuna lantzea eta indartzea dago. Horregatik, Euskal Herriko folklorea kanpora eramaten saiatzen diren modu berean, kanpokoa Euskal Herrira hurreratzen saiatzen dira. Hari horri tiraka sortu zuten jaialdia 1999an. Lehenengo aldi hartan Galeusca deitu zioten jaialdiari eta ondoren hartu zuen Durangon Folk izena. Harrezkero, besteak beste, Burgos, Zaragoza, Toledo, Murtzia, Madril eta Segoviako dantza taldeak etorri dira Durangora Kriskitinek gonbidatuta.

Kantabriako taldearen historia

Virgen de las Nieves taldea zein urtetan sortu zen esaterik ez dago, baina artxiboko datu batek baino gehiagok argitzen dutenez, 1517. urtean Tanos herriko dantzariek Carlos V.a enperadorearen aurrean dantza egin zuten San Vicente de la Barqueran. Enperadorearen omeneko jaialdi batean izan ei zen. Kantabriako dantza talderik aintzinakoena dira eta Espainian ere ez dira asko eurak baino historia handiagoa dutenak.

Gaur egun 75 dantzarik osatzen dute taldea eta gaztetxoen beste talde bat ere badute 50 lagunek osatua. Jose Miguel Guerra  da presidentea eta Rafael Querol zuzendaria. Beren ibilbidean folklorearen gaineko hainbat sari jaso dituzte.

Dokumentuaren akzioak