Dokumentuaren akzioak
Kandela bat eskuan
"Hostoak"
Euskal Herriko arte eszenikoen panoramako hiru formazio bikain elkartu dira Hostoak
izeneko proiektuan, baina enbor bereko atalak direla erakutsi eta
zuhaitz osoa sortu dute, musika, kanta zaharrak eta dantza ezin hobeto
elkartuta. Hiruren gaitasunari esker eta Mireia Gabilondoren
zuzendaritza eszenikopean sortu den gertakizun sozial honi bizitza
emateko bi osagai hauek behar izan dira: talde bakoitzak bere arloan
duen bikaintasuna eta hiruren arteko fusio aberasgarria.
Ezinbestean,
musika instrumentalak hartu du emanaldiaren nolabaiteko gidaritza,
Oreka TX-k eszenako sei gune hornitu dituelako, haietariko lau finkoak
zirela —lautea, perkusio etnikoak, haize instrumentuak eta hodifono
handia— eta beste bietan harrizko eta egurrezko txalapartak zeudela.
Txalapartak, aldiz, mugigarriak izan dira eta dantzarien edota Zuberoako
kantarien artean kokatu dira noizean behin, elementu guztien elkarlan
zoragarria azpimarratuz. Zeren eta, gidaritza hartu bai, baina
protagonismoa garbiro banatu da hiru taldeen artean eta, emanaldia
aurrera joan ahala, Amaren alabek dantza egin dute Kukaikoekin, baina
eurek ere musika jo dute gomazko tutu luzeekin, eta tutuok makila
bihurtu dira, jarraian sortu den dantzarako.
Gainontzeko elementu
eszeniko guztiak —argien diseinua, Eñaut Muñoak zuzenean sortutako
irudi proiektatuak, jantzien kolore beltz eta gorri soilak...—
osotasunaren parte izan dira, eta aretoa leporaino betetzen zuten
ikusleek ere zutik eta txaloka eskatu dute beste bat, Euskal Herriko
hiriburu guztietan egongo den emankizunari bizitza oparoa eskaintzeko.
Hostoak ikuskizunaren une bat. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Proiektuaren zuzendaritza: Mireia Gabilondo, Igor Otxoa. Eszena zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Koreografia: Jon Maia. Taldeak: Oreka TX, Amaren Alabak, Kukai. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 19.
Dokumentuaren akzioak