Dokumentuaren akzioak
'Kameleoia' ikuskizunaren estreinaldia prestatzen ari da Dantzaz konpainia
Leonardo Centik zuzenduta, hiru koreografia emango ditu maiatzaren 18an Viktoria Eugenian
Dantzaz konpainiako dantzariei Things I Told Nobody koreografiaren emanaldia prestatzen lagundu ondoren, egunotan Chameleon prestatzen laguntzen ari zaie, zuzendari lanetan, Leonardo Centi dantzari eta dantza irakaslea, Arteleku zentroak dantzari eskainitako espazioan. Galili Dance konpainiako kide da Leonardo Centi 2008az geroztik, eta konpainia askorekin egin du egunotan Dantzaz konpainiarekin egiten ari denaren antzeko lana, Israelen, Erresuma Batuan, Txipren, Suitzan eta Herbehereetan. Helena Volkov du ondoan, laguntzaile artistiko lanetan, eta jantzien arduraduna Natasjia Lansen da.
Itzik Galiliren koreografiak «oso egokiak» dira Dantzaz konpainiako dantzari gazteen prestakuntzarako, Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiaren zuzendari nagusiaren ustez. Itzik Galiliren Chameleon John Cageren In a Landscape zortzi minutuko piezaren musikarekin dantzatzeko sortutako koreografia da. Egile beraren Things I Told Nobody, berriz, Georg Friedrich Haendel, Antonio Vivaldi eta Wolfgang Amadeus Mozarten lanekin dantzatzekoa.
John Cageren musikarekin
Egunotan entseatzen ari diren koreografia, Chameleon, «Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren arteko erdibidean dago», Itzik Galilik Lisboako egunkari batek duela 13 urte argitaratutako elkarrizketa batean azaldu zuenez, «emakumezkoen psikologian, antzerki lengoaia batean eta aurpegiaren espresioan oinarritutako mimoan ageri baitira biak ere; hori guztia, autoezagutza prozesu batekin, gure jarrerak dituen aldaketekin eta horien kanpo-proiekzioarekin lotuta dago. Umore pixka bat ere badu, John Cageren In a Landscape-ren eskutik, giro nahiko erromantikoa agertzen baitu, konposizioan zoria txertatu nahi duen musikari batek sortutako lana izateko».
Haiek motibatu, aholkatu eta profesional izateko bidean prestatzeko asmoz, Europa osoko dantzari gazteak elkartzen ditu Dantzaz konpainiak. Gaur egun konpainian dauden 11 dantzarietatik hiru euskal herritarrak dira: Ane Anza, Garazi Etxaburu eta Beñat Urretabizkaia.
Maiatzaren 18an Kameleoia estreinatu aurretik, Naufragoak ikuskizunaren hainbat emanaldi ditu hitzartuak Dantzaz konpainiak.
Dantzaz konpainiako dantzariak, atzo, Artelekun entseatzen. / A. CANELLADA / ARP
Dokumentuaren akzioak