Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaleko break dantza, aretoan

Dokumentuaren akzioak

Kaleko break dantza, aretoan

Europako lehen break-dance lehiaketa antolatu dute Arriola aretoak eta Logela multimediak

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2004/02/11

Hala, Europako aretoko lehen break-dance lehiaketa antolatu dute Elorrioko Arriola Kultur Aretoak eta Logela Multimediak, «mugimendu horren aberastasunaz jabetuta». «Break on Stage 04 ikuskizunak hala du izena lehiaketak hip-hop mugimendua kultur ekimen sortzaile eta dibertigarri gisa konprenitzen duten pertsonengana iritsi gura du», azaldu du Imanol Garaizabalek, Logela Multimediako kideak. Lehiaketak saio bakarra izango du, Bilboko Euskalduna jauregian, maiatzaren 15ean. Eta Garaizabalek adierazi duenez, «kontinenteko talderik onenak batuko dira Bilbora». Orotara, zazpi taldek aurkeztuko dituzte beren koreografiak: besteak beste, Frantziako Pokemon, Alemaniako Battle Buch eta Suitzako Deep Trip ariko dira. Aurtengoa, baina, ez da Arriola aretoak eta Logela Multimediak break-dance txapelketa antolatzen duten lehen aldia: «2002. urtean antolatu genuen estreinakoz, eta iaz errepikatu egin genuen. Orain arte Elorrion egin dugu, eta Euskal Herriko eta Espainiako taldeek hartu dute parte». Urterik urtera lehiaketaren onespena handituz zihoala ikusirik, jauzi kualitatiboa eman gura izan dute antolatzaileek; ekimena Europara zabaldu, eta lehiaketa Bilbon egin.



Break-dance, baina zenbait berritasunekin



Break-dance ikusi ahalko da Bilboko ekitaldian, baina antolatzaileek erantsi dizkioten berezitasun batzuekin. «Pertsona bakarrak taularatzen duen dantza izaten da, baina guk dantza horren talde izaera nabarmendu nahi izan dugu; hargatik, lau-sei laguneko taldeek baino ezingo dute parte hartu lehiaketan», dio Garaizabalek.



Kaleko dantza izaki, lehiaketa areto itxi batean egiteak ere badu zer edo zer berritzailerik: «Agertokiko bitarteko teknikoak taldeen esku utziko ditugu; argiztapenaz, soinuaz eta efektu bereziez baliatzeko aukera izango dute, beren koreografiak osatzeko. Break-dance lehiaketak kalean egin ohi dira; beraz, guk proposatzen duguna guztiz ezohikoa da, berria». Laura Etxebarria Bilboko La Fundicion aretoko zuzendariak, Carlos Gil antzerki kritikariak eta Storm break dantzari alemariar ezagunak osatuko dute lehiaketako epaimahaia.

Dokumentuaren akzioak