Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaleko 150 ikuskizunetik gora Leioako Umore Azokan

Dokumentuaren akzioak

Kaleko 150 ikuskizunetik gora Leioako Umore Azokan

Maiatzaren 18tik 21era Leioako Umore Azoka kaleko arteen erakustoki izango da beste behin ere. Kopuruak ez dira nolanahikoak: 50 konpainia, horietatik 22 Euskal Herrikoak, 150 ikuskizun baino gehiago... Agertoki handi bihurtzearekin batera, Leioa profesionalentzat harremanak egiteko espazio egokia ere izango da. Hainbat jarduera antolatu dira eurentzat.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2017/05/01
Lotura
Gara

Leioako Umore Azokak, Bizkaiko herriko Udalak antolatutako kaleko artisten azokak, kaleko emankizun ikusgarrienekin beteko ditu berriro udalerriko kaleak, Euskal Herritik, Estatu espainoletik eta mundu osotik heldutako 50 konpainiaren eskutik. Azokaren XVIII. edizioak erabateko estreinaldiak izango diren 21 ikuskizun, Estatuan estreinatuko diren bederatzi, kaleko bi estreinaldi, eta work in progress bat jasoko ditu.

Leioako Umore Azokako programazioaren aurkezpena Bilboko Errekalde Aretoan egin zen. Ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak eta Ana Lopez Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko zuzendariak hartu zuten parte.

Euskal Herriko konpainiei dagokienez, aurtengo edizioan talde hauek hartuko dutela parte aurreratu zuten: Amaia Elizaran, Bilaka, Barre, Tornado, Eva Guerrero, Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cia, Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Tetes de Mûles, Trapu Zaharra eta Turukutupa. Guztiek ikuskizun bakarra eskainiko dute Leioan, bi emanaldi eskainiko dituen Haatik Dantza Konpainiak izan ezik.

Estreinaldien artean azpimarratzekoa da Kukai Dantza euskaldunen eta Brodas Bros katalanen “Topa” ikuskizuna, Umore Azokak eta Oloteko Sismograf jaialdiak elkarlanean ekoitzia. Ikuskizun horretan euskal dantza tradizionala eta hip hopa uztartzen dira. Antzeko zerbait gertatzen da Lekittoko Deabruak taldearen “Anabasa” lanarekin, Mediterraneoko correfoc ezagunetan inspiratu baita, musika eta piroteknia ikuskizuna bat sortzeko euskal tradizioak oinarritu. Aipatzekoa da ere side show ikuskizunetan inspiratutako “Tetes de Mûles” lana ere; karpa baten azpian eskainiko den ikuskizunak antzerkia, zirkua eta magia uztartzen ditu.

Leioara gerturatuko diren Euskal Herritik kanpoko konpainien artean, berriz, azpimarragarria da Kataluniako bederatzi talde arituko direla Bizkaiko herriko kaleetan. Estatu frantseseko konpainiek ere protagonismo berezia izango dute beste behin, lau ordezkarirekin. Horien artean azpimarragarria da kaleko arteetan hamazazpi urteko ibilbide oparoa duen eta nazioartean ospe handia lortu duen Pudding Théâtre konpainia, Leioako jaialdiaren maila artistikoaren erakusgarri dena.

Orain artean Estatuan inoiz ikusi gabeko hainbat ikuskizun ere izango dira Leioan, Frantziako lau konpainiak eta Frantzia-Uruguaiko, Suitzako, Hungariako eta Herbehereetako banak eskainitakoak. Horietako batzuk, gainera, oso bereziak izango dira antolatzaileen esanetan, Madam Kanibalek eskainiko duen antzerki, clown eta fakirismo nahasketa berritzailea kasu.

Merkatua

Leioako Umore Azokaren jarduera, hori bai, ez da ikuskizun artistikoetara mugatzen. Programaren oso parte garrantzitsua jarduera profesionalekin lotuta dago. «Izenak berak ongi adierazten duen bezala, gurea azoka da, artistei eta programatzaileei zuzendutako topalekua, bertan esperientziak partekatzeko eta joera berriak ezagutzeko aukera izan dezaten. Baina, batez ere, merkatu bat da, Leioan euren programazioetarako ikuskizunak aukeratu, akordioak itxi eta kontratuak sinatuko dituzten ehun profesional baino gehiago elkartuko baitira».

Azokak irauten dituen lau egunetan zehar, goizean zehar egingo dira batez ere profesionalei bideratutako jarduerak. Horrela, goizean profesionalen arteko harremanek hartuko dute protagonismoa, eta, arratsalde-gau partean, herritarrei bideratutako ikuskizun artistikoek.

Maiatzaren 9an eta 10ean, Kultur Leioan “Arteen sukaldaritza” jardunaldiak egingo dira. Bertan hainbat adituk hartuko dute parte, besteak beste Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Maria Velasco irakasleak, ESMUC Kataluniako Musika Goi Eskolako Xavier Fina irakasleak edota Lucia Litjmaer eta Aida Pallares kazetariek.

Iazko edizioan, 38.000 lagun baino gehiago hurbildu ziren Leioara Umore Azokan, udalerrian zehar banatutako hogeita hamar espazio eszeniko inguruetan egindako ikuskizunak jarraitzera. Aurten ere asko izango dira parte hartuko duten 200 artista baino gehiagoren lanak ikustera hurbilduko direnak. 200 profesionalen presentzia ere espero dute antolatzaileek.

0501_kul_leioa

Dokumentuaren akzioak