Dokumentuaren akzioak
Kaldereroak, inude eta artzainak eta Santa Ageda bezperako koplak izango dira asteburuan
Aspertzeko astirik ez da izango asteburu honetan Donostian, neguko hiru jaik bat egingo baitute: kaldereroek, inude eta artzainek eta Santa Ageda bezperak. Kalderero konpartsa gehien-gehienak larunbatean (hilak 4) aterako dira kalera, eta Santa Ageda bezperako koplak ere egun horretan kantatuko dituzte auzo ugaritan. Inude eta artzainen talde gehienak, aldiz, igandean (hilak 5) aterako dira dantzatzera. Hala ere, auzo batzuetan beste egun batzuetan ospatuko dituzte kaldereroak eta inude eta artzainak.
Jarraian, jai bakoitzaren egunez eguneko eta auzoz auzoko egitarauak ikus ditzakezue:
KALDEREROAK
Otsailak 3, ostirala:
- Amara: Aldapeta Maria ikastetxeko Haur Hezkuntzako kaldereroak 14:45ean abiatuko dira ikastetxetik, eta auzoko kaleetatik ibiliko dira, 16:15era arte.
- Gros: Zurriola Ikastolako kaldereroak 15:00etan abiatuko dira ikastetxetik, eta 16:30era arte auzoko kaleak alaituko dituzte.
- Loiolako Erribera: Ikasbideko kaldereroek auzoa zartagin eta mailu hotsez beteko dute 15:15etik 16:15era; Bartzelona hiribidetik ibiliko dira.
- Aiete: Jesuitinas hezkuntza zentroko kaldereroak 15:15ean aterako dira ikastetxetik bertatik, eta Aieteko kaleetatik ibiliko dira, 16:30era arte
Otsailak 4, larunbata:
- Parte Zaharra: Hiru kalderero konpartsa ibiliko dira bihar Parte Zaharreko kaleetatik. Kai Harripe euskara batzordekoak izango dira goiztiarrenak, 17:00etatik 19:00etara joko baitute, Trinitate plazatik abiatuta eta Plaza Berrian bukatuta. Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala eta Kaldereroen Konpartsa Primitiboa, aldiz, gauean aterako dira. Tradizionala, hiriko hemeretzi tribu batzen dituena, 21:45ean abiatuko da Fermin Kalbeton kaletik, 22:00etan jarriko du kanpalekua Plaza Berrian, eta auzoko kaleetatik ibiliko dira 01:00ak arte. Primitiboei dagokienez, 22:00etan aterako dira Trinitate plazatik, eta 01:50era arte ibiliko dira auzotik jotzen.
- Txomiñenea: Txomin kalderero konpartsak 17:30ean aterako dira Aintzieta pasealekuko 11. zenbakitik, eta 19:30era arte ariko dira auzoa girotzen.
- Amara Berri: Amara Berriko Elkarte Kaldereroak (Amarakaldek) 17:30ean abiatuko dira, Armerias plazatik. Auzoko kale ugari zeharkatu ostean, 20:30ean bukatuko dute, Ferrerias plazan kanpalekua jarrita.
- Egia: Arrano elkarteko kaldereroak 17:30ean abiatuko dira Plaza Haunditik, eta auzoan gora eta behera ibiliko dira, 21:30era arte.
- Herrera eta Bidebieta: Herrera Kirol Elkarteko kaldereroek 18:00etatik 20:00etara joko dute Herrerako eta Bidebietako kaleetatik, San Luis Gonzaga plazan hasita zein bukatuta.
- Gros: Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa Jose Miguel Barandiaran kaletik aterako da, 18:00etan. Auzoko kaleak zeharkatu ostean, Artetxe jeneralaren kalean bukatuko dute, 21:00etan.
- Amara: Donosti Berri elkartetik aterako dira Amarako kaldereroak, eta auzoaren alde batetik bestera ibili ondoren, 21:30ean bukatuko dute, Easo plazan.
Otsailak 10, ostirala:
- Antigua: Jakintza ikastetxeko kaldereroek hurrengo ostiralean joko dute, 15:30etik 16:30era, Mikel Laboa plazaren ondoreko frontoian.
Otsailak 11, larunbata:
- Loiola: Loiolatarra elkarteko kaldereroak 18:00etan aterako dira, elkartetik bertatik. 21:00ak arte ariko dira auzoa girotzen, eta Latsarien plazan bukatuko dute.
- Antigua: Antiguako kaldereroak izango dira azkenak, 20:30etik 23:30era ibiliko baitira auzoko kaleetatik. Bentaberriko kiroldegitik abiatuko dira, eta Errotatxo plazan bukatuko dute.
INUDE ETA ARTZAINAK
Otsailak 5, igandea:
- Gros: Groseko inude eta artzainen Artaiñu konpartsa 11:15ean abiatuko da Txofre kaletik, eta auzoko hainbat kale zeharkatu ondoren, Artetxe jeneralaren kalean bukatuko dute desfilea, 14:30ean.
- Amara Berri eta Loiolako Erribera: Ikasbideko inude eta artzainek Amara Berriko eta Loiolako Erriberako kaleak girotuko dituzte etzi goizean, 11:30etik 14:00etara. Ikabide ikastetxetik bertatik aterako dira, eta Prebostes plazan amaituko dute.
- Parte Zaharra: Kresala elkarteko inude eta artzainak 12:00etan abiatuko dira, elkartetik bertatik. Parte Zaharretik eta Bulebarretik ibili eta Plaza Berrian ohiko antzezpena egin ostean (13:00), 13:45ean bukatuko dute, elkartean.
Otsailak 18, larunbata:
- Antigua: Antiguako inude eta artzainen konpartsak inauterien asteburuan desfilatuko du auzoko kaleetatik. 11:30ean abiatuko dira, Alfontso XIII.aren plazatik. 13:00etara arte ariko dira, eta frontoian bukatuko dute.
SANTA AGEDA BEZPERA
Otsailak 4, larunbata:
- Egia: Arrano elkartearen eskutik, santa eskean aritzeko aukera egongo da larunbatean Egian; 19:00etan abiatuko dira, elkartetik bertatik. Aurretik, 12:00etan, Santa Ageda bezperako kantu jira egingo dute, Kata tabernatik abiatuta.
- Intxaurrondo: Zulo Zahar elkarteak antolatuta, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte Intxaurrondon, 17:30ean elkartetik abiatuta. Ondoren, kantarientzako afaria egingo dute.
- Altza: Bizarrain euskara elkarteak eta Altzako bertso eskolak antolatuta, Santa Ageda bezperako koplak kantatuko dituzte Altzan, 19:00etan San Martzial plazatik abiatuta.
- Loiolako Erribera: Bi talde ariko dira Loiolako Erriberan. Alde batetik, 18:30ean, Ikasbideko taldea abiatuko da, ikastetxetik. Bestetik, Erribertxo Kultur Elkartekoak 19:00etan aterako dira, Santiago plazatik.
- Añorga: Añorgan Euskaraz taldearen eskutik, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte auzoan, goizean goizetik. Hain zuzen ere, 09:00etan abiatuko dira, Amassorrain ikastetxetik.
- Aiete: Aiete Kultur eta Kirol Elkarteak antolatuta, 18:00etan hasiko dira Santa Ageda bezperako koplak abesten, Jolastokitik abiatuta eta Munton bukatuta.
- Herrera: Herreran, kaldereroekin bat ez egiteko, 12:30ean aterako dira koplak abestera. San Luis Gonzaga plazatik aterako dira.
- Igeldo: Igeldoko jubilatuek antolatuta, estreinakoz, Santa Ageda bezperako koplak abesten ariko dira. 18:00etan hasiko dira beheko plazan, eta hainbat geldialdi egin ostean (Kalonje sagardotegian eta Txapela tabernan, besteak beste), 20:00ak aldera bukatuko dute.
- Parte Zaharra: Bi talde ariko dira Parte Zaharrean Santa Ageda bezperako koplak kantatzen. Eguerdian, Donostiko Asanblada TransBolloMarikak antolatuta, Bollo Santa Ageda ospatuko dute auzoko kaleetatik, 12:00etan hasita. Arratsaldean, 18:00etan, Kresala elkartekoak aterako dira, elkartetik.
- Gros: Donosti Ereski abesbatzak antolatuta, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte Grosen, 19:00etan Karkizano kaleko 2. zenbakitik abiatuta.
- Antigua: Antiguotarrak elkarteren eskutik, santa eskean ariko dira, 12:00etan elkartetik abiatuta.
Dokumentuaren akzioak