Dokumentuaren akzioak
Juanan Urbeltz, Jon Maya eta Claude Iruretagoyena, EHUko udako ikastaroan
Aiko Taldeak dantzaren izen ospetsuak bilduko ditu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) bere udako ikastaroan, besteak beste, Juanan Urbeltz, Jon Maya, Claude Iruretagoyena, Mercedes Prieto edota Jesus Terán. 'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin. 2016 Tradizioan sortzen' izeneko ikastaroa ekainaren 24tik 26ra izango da, Bizkaia Aretoan, Bilbon.
Ikastaro gehienbat praktikoa izango da, eta oso publiko anitzari dago zuzenduta, hala nola dantzako profesionalei edo dantza tradizionalaren ikuspegi garaikidean interesa duen edozein pertsonari.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, iaz egindako lehenengo edizioan, 'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin' udako ikastaroa Areatzan egin zen, eta 80 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte. Bizkaian egindako EHUko Udako Ikastaroen artean matrikulazio gehien jaso zuen ikastaroa izan zen, eta 2015ean euskal unibertsitateak udan eskaintzen duen prestakuntza eskaintza osoan partaidetza handiena izan zuen bost ikastaroetako bat bilakatu zen.
Oraingoan, ikastaroa oso publiko anitzari dago zuzenduta, dantzako profesionaletatik dantza zale guztietara, dantza tradizionalaren ikuspegi garaikidean interesa duen eta Aiko Taldearen dantza eta lan egiteko filosofia gertutik ezagutu eta gozatu nahi duen edozein pertsonatik igaroz.
Horrela, kultur eta pedagogia alorreko ekintza honetan Aiko Taldeko hainbat kidek hartuko dute parte ekaineko azken asteburuan, besteak beste, Patxi Laborda, Josu Garate eta Sabin Bikandi dantza maisuak; Juan Antonio Urbeltz folklorezale eta antropologoa; Jon Maya Kukai Dantza Konpainiaren zuzendaria eta euskal dantza garaikidearen adierazle garrantzitsuenetakoa; eta Claude Iruretagoyena, koreografo ospetsua eta Biarritzeko Maritzuli konpainiaren zuzendaria.
Dokumentuaren akzioak