Juana Bizkarra egoitza artistikoaren laugarren edizioko epaimahaiak aukeratutako Leinu proiektuaren estreinaldia izango da Getxoko Muxikebarrin ostegun honetan eta ostiralean, irailaren 19an eta 20an. Berdinki Zirkua konpainiaren zirku garaikideko lana da, besteak beste, gurasotasuna eta hazkuntza bezalako gaietan sakontzea helburu duena, gaur egungo ikuspegi batetik, eta horretarako, hainbat modalitate artistiko baliatzen ditu, hala nola akrobaziak, dantza eta antzerkia.
Berdinki Zirkua taldea ikuskizuna prestatzen aritu da hilabetez Getxoko zentroan, eta aste honetan estreinatuko du, 19:30ean hasiko diren bi emanaldietan, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez.
Juana Bizkarra egonaldirako aukeratutako proiektuak bikote baten istorioa kontatzen du; elkarbizitzako hainbat urte partekatu ondoren, eta 40 urte betetzear daudela, guraso izateko erronkari aurre egingo diote. Haurrak izateko desioak, zalantzek eta beldurrek krisi egoera batera eramango dute bikotea, eta orain arte ezezaguna zen egoera batean jarriko du.
Abiapuntu horretatik, ikuskizunak publikoarengana hurbiltzen du ondorengotzarekiko giza obsesioa eta bizitzeari uzten diogunerako arrastoa utzi beharra. Halaber, lanak hainbat gai planteatzen ditu, hala nola gurasotasun formulak eta haien rolak, hazkuntza edo seme-alabak hazteko asmo profesional eta pertsonalak betetzeari uko egitea.
Berdinki Zirkua konpainiak 2019an ekin zion bere ibilbideari, Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta sortzaileen ekimenez. Hasieratik, generoa, rolak edo botere harremanak bezalako gaiak lantzearen aldeko apustua egin dute, hainbat alderdi profesionaletan.
Juana Bizkarra egonaldi artiskoaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta Getxoko Kultur Etxeko teknikariek, Sofia Alforja Sagone Dantzagunea Gipuzkoako koordinatzaileak eta Xanti Val Zabaleta Lezoko Udaleko Kultura arduradunak osatu dute epaimaihaia. Hautatutako proposamenak 10.500 euroko diru laguntza jaso du.
Ekimenaren asmoa euskal kulturgintzari laguntzea da, espazio eta baliabide profesionalak eta diru hornidura eskainiz antzerki lanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko.