Dokumentuaren akzioak
Juan Antonio Aresti euskal dantzaria saritu dute Leioako Egunean
Ekitaldian izan ziren, besteak beste, herriko elkarte
kulturalak, kirol taldeak, ikastetxeetako ordezkariak, herritarren
elkarteak, auzoetako kultur aretoak eta enpresak. Udal iturriek
aipatutakoaren arabera, "bertan Leioako herrian eta herriarentzat lanean
dihardutenak elkartu ohi dira eta leioaztarren arteko harremanak
estutzeko balio duen momentua da". Aurtengo saritua Juan Antonio Aresti
Olamendi izan da. Jatorriz txistularia da, baina segituan konturatu zen
bere benetako bokazioa aurreskua zela. Herriko txikiei euskal dantza
eskolak ematen hasi zen, San Joan Bataiatzaile parrokiaren lokaletan
edota, Lamiakoko Auzokide Elkartearen eskariz, San Maximo parrokian.
70eko hamarkadan Euskal Dantzarien Biltzarraren sortzaileetako bat izan
zen, horrek suposatzen zuen konpromisoa eta arriskua onartuz. Frankismo
osteko lehen Udalbatza osatu zenean Leioan, bera izan zen lehenengoko
aurresku hori dantzatu zuena.
"Ezin
dugu ahaztu bera izan zela, hainbat ikerketa egin ostean, Leioako
elizateko aurreskuaren ohitura berreskuratu zuena. Pertsonai ezaguna
dugu Juan Antonio Aresti Leioan, eta aldi berean asko zor diogu. Hori
dela eta herriaren esker ona irabazi dute sarritan, adibidez, 2006an
jaietako pregoilaria aukeratuz", gaineratu dute Udaletik. Gaur egun
euskal dantzen munduan jarraitzen du murgilduta, eta nola ez, irakasten.
Argazkia: © Leioako Udala.
Dokumentuaren akzioak