Dokumentuaren akzioak
Joxemiel Bidadorrek irabazi du Unamuno saria
Joxemiel Bidador Dantzaren erreforma Euskal Herrian saiakeragatik saritu dute 6.010 eurorekin. María del Carmen Fernández Díazek Marguerite Yourcenar: erotismo, alquimia y otros saberes lanagatik jaso du gaztelaniazko saiakera saria, hori ere 6.010 eurokoa.
Dantzaren erreforma Euskal Herrian deritzon lana epaimahaiko kideek hautatu zuten aurkeztutako hiru lanen artean.
«Euskal Herrian dantza publikoek azken mendeotan izandako bilakaera eskaintzen digu, garaian garaiko uste, aldeko eta aurkako iritzi, jazarpen eta agintarien jarrerekin», adierazi zuen epaimahaiak. Egileak, bere aburua eskaini baino lehen, era guztietako lekukotasunak biltzen ditu, dantzen inguruan nork noiz zer esaten zuen agertzeko, epaimahaikideek azaldu zutenez. «Elizaren moral ofizialak dantzen aldaketa, debeku eta onartzean izandako eragina nabarmen ageri da, gaurko gizartearen ikuspegi zabaletik, testigantza zehatzik gabe, nekez pentsa litekeena», azaldu zuten.
María del Carmen Fernández Díazek Marguerite Yourcenar idazle frantziarrari buruzko ikuspegia eskaintzen du. «Saiakerak idazleak bere jatorrizko asmoarekin duen batasun eta harremana agerian utzi nahi du: ezagupenaren bide eta prozedura izan», zehaztu zuten.
Dokumentuaren akzioak