Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Jotamentala», jotaren ibilbide historikoa irudietan bildua

Dokumentuaren akzioak

«Jotamentala», jotaren ibilbide historikoa irudietan bildua

«Jotamentala» dokumentala burutu du Aiko taldeak. Euskaraz eta gaztelaniaz egindako filmak jotaren ibilbidea jorratzen du 50 minutuan. Aiko taldeko kideez gain, Cesc Gelabert eta Jon Maya dantzari eta koreografoen iritziak jaso ditu. Baita Juan Antonio Ur

Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2016/02/04
Lotura
Gara

Aiko taldeak jotari dion debozioa eta bere ibilbidean milaka pertsonari transmititu izana daude proiektu honen atzean. «Banaka eta bikoteka egiten den erabateko dantza da, aldi berean iradokitzeko, jolasteko eta gorteatzeko aukera ematen duena. Hori dela eta, Elizak bekatuzkoa zela esan zuen. Eta folklorearen imajinario nazionalistak landa ingurunekotzat hartu zuen arren, batez ere hiriko dantza da, eta horregatik da hain ezaguna. Eta etengabe eguneratzeko eta berriztatzeko aukera ematen duenez, erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena bilakatu da», adierazi dute Aiko taldeko kideek.

 Taldeak Interneten jotari buruzko plataforma martxan jartzeko duen egitasmo handiaren barruan sartzen da dokumentala. Plataforma horretan audio eta bideo grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta, orokorrean, dantza herrikoi horren inguruan ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da.

Azpimarragarria da jotak Euskal Herrian izan duen bilakaera. «XIX. mendearen amaieran ‘atzerriko’ dantza bekatuzkotzat eta erotikotzat ikusia izan zen, eta XX. mendean bertako dantza ‘kasto eta garbiaren’ sinbolo bilakatu zen nazionalistentzat. Horrela, dokumentalean parte hartzen duten aditu eta ikertzaile ugarien ekarpenek jotaren errealitatearen ikuspegi askoz ere zabalagoa, aberatsagoa eta anitzagoa ematen digute», azpimarratu dute. Horrez gain, filmak, Iberiar penintsulako eta Hego Amerikako lurralde askotako folklorean eta tradizioetan agertzen den dantza herrikoi horren kulturartekotasuna azpimarratzen du. «Jotaren ibilbideak norberaren kultura bestearen ikuspegitik berrikustera eta forma aldetik dituen adierazpen ugariak aztertzera behartzen gaitu. Euskal Herrian jatorriz zuen gorteatzeko funtzioaren lekua euskal nazionalismoak eman zion funtzio sinbolikoak hartu zuen, eta aldi berean estiloa ere aldatu egin zuen, balletetik gertu zeuden formak jasotzeko. Azken hamarkadatan balioa eman zaio jatorrizko estiloari: bikotearekin egiten den jolasa, musikaren eta erritmoaren garrantzia, inprobisazioa, baita pausoan eta lurrean egiten den dantzaren teknika tradizionala ere», eman dute aditzera atzoko aurkezpenean.

 Baiona, Hernani, Donostia, Bilbo, Durango, Areatza eta Zeanuri dira lanaren agertokiak. Adituen iritziarekin batera, artxibategietan aurkitutako materiala erakusten du dokumentalak.

 Hainbat atal dokumentatzen ditu filmak, jotaren jatorriari, bilakaerari, testuinguru soziopolitikoari, aldaerei, erromerietan dantzatzeko moduari, denboran zehar izan dituen berrikuntzei, hain ezaguna izatearen arrazoiei eta une honetan duen erabateko gaurkotasunari buruzkoak.

Jotaren unibertsoari ematen dion gainbegiratuan, beste musika genero eta estilo batzuekin dituen lotura ugariak ere aipatzen ditu dokumentalak.

“Jotamentala” otsailaren 12an Bizkaia Aretoko auditoriumean estreinatuko da, 19.30ean. Gonbidapena beharrezkoa izango da sartzeko. Hilaren 19an Errenterian eskainiko da eta gero, Gasteizen eta Iruñean.

0204_kul_jota

Dokumentuaren akzioak