Dokumentuaren akzioak
Jostailuak musikari
Txotxongilo erraldoiak, akrobatak, trapezistak, instrumentu bitxiak, musikariak, dantzariak... Oreka TX taldeak ez du dena erakutsi nahi, ikuskizunaren «magia» gordetzeko asmoz, baina Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe aretoan prest dituzten piezek argi uzten dute anbizio eta neurri handiko ikuskizun bat prestatu dutela. Jolasa da Xarma obraren abiapuntua, eta musika, dantza, zirkua eta txotxongiloak nahastuko dituzte agertokian.
Donostian Eguberrietako ikuskizuna izan dadin nahi dute. Kursaaleko auditoriumean egingo dute estreinaldia, abenduaren 26an, 19:00etan. Sarrerak salgai daude, hogei euroan, Kursaaleko leihatilan eta kursaal.eus webgunean.
Igor Otxoa da Oreka TX-k eta Txalapart konpainiak egindako ikuskizunaren zuzendaria, eta Harkaitz Martinez de San Vicente eta biak dira zuzendari artistikoak. Martinez de San Vicenteri berari otu zitzaion agertokian ametsezko mundu bat irudikatzeko ideia: «Guretzat, musika jolasa da, eta azken urteetan txalaparta izan da gure jostailua». Jostailuaren gainetik, ordea, irudimenak inporta du, haren ustez. Eta irudimena baliatu dute pentsatzeko nolakoa litzatekeen jostailu batzuek emandako kontzertu bat. «Musikari bakoitza jostailu bilakatuko da, eta jostailuen musika sortuko dugu».
Mikel Ugartek eta biek harrizko, zurezko eta banbuzko txalapartak eta bidoia joko dituzte. «Makilak jotzeko erabiltzen ditugu, eta haien arabera mugitzen gara: gu gara haien txotxongiloak». Manipulazio hitzari adiera positiboa eman nahi dio, alde horretatik: «Jolasean, manipulatzea bizitza ematea da».
Martinez de San Vicentez eta Ugartez gain, honako musikari hauek osatuko dute banda: Mixel Ducauk alboka, banbuzko klarinetea eta saxofoi sopranoa joko ditu; Juanjo Otxandorenak, buzukia, eta Iñigo Egiak, perkusioa. Gainera, Kukai dantza taldeko hiru dantzarik parte hartuko dute ikuskizunean: Izar Aizpuruak, Sua Enparantzak eta Nerea Vesgak. Eta zirkuak ere toki nabarmena izango du. Berdinki zirku konpainiako Koldo Arakistain eta Irati Gonzalez ariko dira oihalekin egindako aireko zirkuan eta trapezio bikoitzean, eta Xabier Larrea eta Gorka Pereira, berriz, malabarak egiten eta tranpolinean. Ane Pikaza ilustratzaileak sortu du ikuskizunaren irudi koloretsua.
Maika Etxekopar izango da ikuskizunaren gidaria; pertsonaia ameslari bilakatuta, ikusleak haren bidez murgilduko dira jostailuen mundu magikoan. «Jolasteko garaia aspaldi zitzaigun pasa/ umetako kontua omen da jolasa», kantatzen du ikuskizunaren pasarte batean, eta uste hori gezurtatzeko asmoa du Xarma-k. Izan ere, ikuslerik onena «edozein adinetako ikusleen barneko haurra» izango da, Otxoaren hitzetan.
Etxekoparrek orain dela hamar urte kolaboratu zuen lehenengoz Oreka TX-rekin: Amaren Alabak kantu taldearekin parte hartu zuen Hostoak ikuskizunean. «Orain hau egitea opari bat da niretzat», esan du. Izan ere, denetik egingo du: gidaria izango da, haren pertsonaiak lotuko dituelako ikuskizunaren pasarte guztiak, eta aurkezten, antzezten, kantuan eta musika jotzen ariko da agertokian. Pozik dago, parte hartzaile guztiekin elkartuko delako «gurutzune» horretan. «Mundu xoratu horretan, baten batek xoratuta egon behar zuen, eta nire pertsonaia da hori».
Gailu erraldoiekin lanean
Ordu eta laurden inguruko ikuskizuna izango da Xarma. Abesti gehienak Oreka TX-ren Koklea diskoko (2019) kanten moldaketak dira, eta hitzak ere propio egokitu dituzte emanaldirako. Patxo Telleria aktore eta antzerkigileak idatzi du gidoia.
Ikuskizuna urteetako lanaren emaitza da. 2018an hasi ziren elementu eszeniko erraldoiekin lanean, Pikotailuke obran, eta, hurrengo urtean, The Sound of Giant Toys (Jostailu erraldoien hotsak) estreinatu zuten Japonian, Tokioko Gau Zuriaren irekietan. Otxoak hor kokatu du Xarma-ren abiapuntua.
Bi urteko sormen eta ekoizpen prozesua egin dute ordutik. Iazko Gabonetan estreinatzeko asmoa zuten hasieran, baina pandemiak urtebetez atzeratu du haien plana. Parte hartzaileak udatik aritu dira entseatzen, eta aste honetan Urnietan elkartu dira elkarrekin saio batzuk egiteko. «Espero dugu emaitzak xarma eta zoramena ekartzea, baina oso ederra da ikustea barnetik nola eraikitzen diren gauzak, nola ari den bakoitza lanean. Magia egiteko, elementu asko behar da», esan du Etxekoparrek.
Dokumentuaren akzioak