Dokumentuaren akzioak
Joseba Juarez zenaren oroimenez berrehun dantzari prest
Larunbat honetan dantzatuko dute Beasainen, Igartza jauregiaren ondoan
Iazko azaroan hil zen dantza-maisu hau, minbiziaren kontra borroka egin ondoren.
«Kofradiaren sorreraz gero Josebak buru, oin, beso eta arima eskaini zizkion egun honi. Dantzaria bai, bikaina, baina izaeraz maitagarria eta bere ibilbidea hain zabala eta irekia izan zelako, bizitza oparo horretan egin zituen lagun asko eta asko elkartuko gara oraingo honetan. Joseba ezagutu dugunok, disfrutatu dugunok, maitatu dugunok, berarekin dantza konpartitu dugunok, denak gaude prest egun polit bat pasatzeko dantzaren ingurumarian», adierzi dute antolatzaileek.
Bestalde, aurten bete dira 400 urte Beasaingo herriak herri-titulua eskuratu zuela. Aitzakia honekin urtean zehar egin diren beste hainbat ospakizunekin batera, era berezian egingo da ezpata-dantza: gauez, hain zuzen ere.
Segizioa gaueko bederatzietako kanpaiekin jarriko da martxan San Martin Plazan, eta gauerdi inguruan hasiko den erromeriarekin bukatuko da eguna. Hau da egitaraua: 19:30ean, dantzarien bilkura herriko plazan; 21:00etan, bandera jasotzea Udaletxean; 21:05ean, ezpata-dantzaren segizioa plazatik Igartzaraino; 21:30ean, ezpata-dantzaren saioa Igartzan; 22:30ean, afaria; 00:30ean, erromeria Aiko taldearekin.
Dokumentuaren akzioak