Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jorge Garcia: "80ko eta 90eko hamarkadetako dantza giroa itzultzen ari da"

Dokumentuaren akzioak

Jorge Garcia: "80ko eta 90eko hamarkadetako dantza giroa itzultzen ari da"

Egilea
Onintza Lete Arrieta - Jabi Gonzalez Toston
Komunikabidea
Zarauzko Hitza
Tokia
Zarautz
Mota
Albistea
Data
2023/08/17
Lotura
Zarauzko Hitza
Puro Relajo boskotea. (Utzitakoa)

Puro Relajo Oibarko (Nafarroa) musika taldeak doinu mexikarrak ekarriko ditu gaur gauean Malekoira. Taldeko gitarra jotzailea eta ahotsetako bat da Jorge Garcia, eta hark adierazi duenez, dantzan jarri nahi dute Zarautz.

Gogotsu al zaudete gaurko emanaldirako?

Badugu Zarautzen jotzeko goga, bai. Gipuzkoako kostaldeko beste zenbait herritan aritu gara, baina Zarautzen lehenengo aldia izango da, eta oso pozik gaude. Oso herri ezaguna da hondartzagatik, batez ere, eta bertan joko dugu, gainera, Malekoian.

Mexikar doinudun abestiak jotzen dituzue, gehien bat, baina bestelakoak ere bai, ezta?

Bai. Nafarrak gara, eta Nafarroan oso rantxera zaleak gara. Dena den, estilo hori bestelako batzuekin ere uztartzen dugu, eta euskarazko katak eta latinoamerikarrak ere jotzen ditugu. Jendeak ongi ezagutzen dituen 70eko hamarkadako abesti klasikoak ere berreskatatu ditugu, eta publikoaren erantzuna oso ona izaten da; asko abesten eta dantzatzen dute herritarrek. Ondo pasatzen dute, azken finean.

Nolakoa da zuen publikoa?

40 urtetik gorako jendea zen hasiera batean gure kontzertuetara gehien etortzen zena, baina azkenaldian, gazteagoekin konektatzea ere lortu dugu. 25 urte inguruko herritar gero eta gehiago ikusten ditugu publikoan, eta harritu eta poztu egiten gaitu horrek. 80ko eta 90eko hamarkadetan bizi izan genuen eta galduta zegoela iruditzen zitzaigun giroa itzultzen ari dela uste dugu, gazteak berriro ari direlako animatzen asko dantzatzera.

Zuen estiloko musika egiten duten taldeak nahiko handiak izan ohi dira kopuru aldetik, baina zuek ez zarete hainbeste.

Bost gara. Bi tronpeta, gitarra klasikoa, baxu elektrikoa eta akordeoia. Gainera, musika tresnak jo ez ezik, kantatu ere egiten dugu gehienok, baita tronpeta jotzen duenetako batek ere.

Eta nolakoa da zuen arteko harremana?

Hamar urte daramatzagu elkarrekin, eta izan ditugu abestiak aukeratzerakoan-eta desadostasunak, baina normala da hori. Orokorrean, baina, oso giro ona dugu gure artean. Hala ez balitz ez ginatekeen hamargarren urteurrenera iritsiko; hasierako bost lagunok jarraitzen dugu, ez da aldaketarik egon, eta musikaren arloan ez da ohikoa hori.

Nola hasi zenuten ibilbidea?

Oso modu informalean eta asmo handirik gabe sortu genuen taldea 2013an, Oibarren (Nafarroa), gure herrian, egiten dugun afari mexikarrean. Gehienok bertakoak gara, eta afari hartan ezagutu genuen elkar, nahiz eta batzuek aldez aurretik ere bagenuen harremana. Pixkanaka hazten joan gara; izan ere, herritarrei atsegina egin zaie gure taldea eta material asko sortu dugu: zortzi diskoak, hainbat bideo...

Kontzertuak, berriz, 800 eskaini ditugu hamar urteotan. Urtean 130 saio inguru ematen ditugu, eta uda izaten da sasoirik mugituena. Aurtengoan, ia egunero ari gara emanaldiak eskaintzen. Herenegun ez genuen emanaldirik izan, eta hori da libre izan dugun egun bakarrenetakoa. Nahita gordetzen dugu abuztuaren 15a gure herriko jaiak direlako.

Eta nolako kontzertuak izaten dira zuenak?

Oso biziak. Asko mugitzen gara eta abesti bat bestearen atzetik ia gelditu gabe jotzen ahalegintzen gara. Dena den, hartzen ditugu tartetxoak bertaratutakoekin zertxobait hitz egiteko. Dena den, publikoaren erantzunak baldintzatzen ditu kontzertuak. Agertoki aurrera etortzen zaizkigula eta asko dantzatzen eta kantatzen dutela ikusten badugu, gu geu ere gora etortzen gara eta gozagarriagoa izaten da emanaldia. Egia esan, gehienetan izaten dira halakoak.

Zarautzen ere bide horri eustea izango da helburua, ezta?

Jende asko bertaratzea eta udako gau eder bat izatea espero dugu, bai. Gipuzkoako hainbat herritan jo dugu, eta guztietan izan dugu erantzun ona. Ordizian, esaterako sekulako giroa sortu zen. Horregatik, zuzeneko musikaz gozatu eta tarte atsegina izan nahi duen pertsona oro animatu nahi dugu Malekoira joatera.

Dokumentuaren akzioak