Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Pertika: “Parisko Lafayette biltegietara joan ginen Iurretako banderaren erreplika egiteko oihalak erostera”

Dokumentuaren akzioak

Jon Pertika: “Parisko Lafayette biltegietara joan ginen Iurretako banderaren erreplika egiteko oihalak erostera”

Ekainaren 3an, Jon Pertika folklore sustatzaileari Teila saria eman zion Gerediaga elkarteak Durangaldeko dantzak ezagutarazten egin duen lan eskergaren errekonozimendu legez. Gerediagako baselizan omenaldi hunkigarria egin zioten bilbotarrari. Publikoan zeuden senitartekoek emozio handiz ikusi zuten zazpi urteko iloba aitonari banangoa dantzatzen.
Egilea
Jone Guenetxea
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durangaldea
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/05/29
Lotura
Anboto

Zapatukoa ekitaldi hunkigarria izan zen.
Ni ez naiz omenaldi zalea. Lanean jardutera ohituta dagoen pertsona bat naiz. Burokrazia ez dut gustuko. Hala ere, oso eskertuta nago Durangaldean gogoan naukatelako, batez ere Iurretan.

Iurretagaz zein hartu-eman izan duzu? 
10 urtegaz aitak irakatsi zidanetik dantzan dihardut. Bilbo inguruan eta Enkarterrietan EAJko gazteek pentsatutako Dantzari dantza egiten genuen. Batzokietan ikasi zuten, ekitaldi handi batzuetan egiteko: Ibaiondon, San Mamesen...Herria eraiki eta sustatu gura zuten. Horrela, gerraostean, 1947an, pauso batzuk errazagoak egin zituzten, eta inguru hartan horiexek ikasi genituen denok. Hala ere, gogoan dut 11-12 urtegaz talde bat ikusi nuela dantzan Quadra auzoan. “Zeinen txarto egiten duten dantzan gizon hauek!”, pentsatu nuen. Denboragaz, taldea sortu nuenean konturatu nintzen huraxe zela modua. 

Eta zelan berreskuratu zenuten Dantzari dantza?
Iñaki Irigoiengaz hitz egin nuen, eta Dantzari dantzan aldaketak egin behar genituela pentsatu genuen. Jose Javier Abasolo Tiliñogaz berba egin nuen, eta Iurretara etortzen hasi ginen, bertako Dantzari dantza ikastera. Bandera bat ere utzi ziguten.

Bandera horregaz Europa osoa zeharkatu zenuten.
Belgika, Alemania, Hungaria eta beste hainbat herrialdetara joaten ginen. Hungarian, behin, kolore apur bat ematearren, Luzaideko dantza batzuk dantzatu genituen. Ekitaldia amaitu zenean, jaialdiko presidenteak esan zidan ezpatak eta makilak erabiltzen genituen dantza ikusi gura zuela. Europa erdialdean Dantzari dantza oso sartuta dute, eta asko gustatzen zaie.

Zuen taldeko bandera propioa egiteko, Parisera joan behar izan zenuten.
Tiliñogaz eta Mikel Izarzagaz berba egin genuen, bandera berri bat erreproduzitzeko. Estatuan ez zegoen zeta satinezko oihalik, eta, horregatik, Parisko Lafayette biltegietara joan behar izan genuen Iurretako banderaren erreplika egiteko oihalak erostera. 1977an, bariku batean, Hendaian trena hartu eta Parisera joan ginen. Iurretako banderaren zazpi koloreetako oihalak erosi genituen. Donostiara bidali zituzten, eta Ayeteko Jesusen Bihotzeko mojek bi erreplika egin zituzten, eskuz. Bordatua eskuz egin zuten. Japonian denbora luzez bizitako moja baten artelana izan zen. Artista zen. Orain serigrafian erreplika bat gehiago egin dugu, eta hura gordeta dugu.

Zelan ikasi zenuten Iurretako Dantzari dantza?
Lau edo bost lagun etortzen ginen, astean behin. Gero, Bodeguillara joaten ginen.

Dantzari dantzak zein garapen izan du azken urte hauetan? 
Trapagaranen ospatu berri den Dantzari Egunean taldeen %95ek Iurretako edo inguruko Dantzari dantza egiten dute. Beraz, pauso horiek mantendu egin dira.

Teila saria jasotzerakoan dantzaren munduko modernitatea aipatu duzu.  
Errietaren bat irabazi dezaket orain esango dudanagaz. Ez dut gustuko modernoa izan gura duen dantza hori. Euskal folklorearen sustraiak aintzat hartuz, Dantzari dantzako pauso batzuk, Gipuzkoako beste batzuk hartzen dituzte... Dantzari ezin hobeak dira, entsegu itzelak egiten dituzte, bikain dantza egiten dute... baina handik irten eta ez zait gustatzen. Gertatzen dena da, jende gutxi duten taldeek pentsatzen dutela horrelako ikuskizunak egin ditzaketela. Baina horretarako behar bezalako prestakuntza ez baduzu...

Gaur egun, zein garrantzia ematen diozu dantzaren oinarria mantentzeari?
Herri bakoitzaren idiosinkrasia pauso horietan ikusten da. Zuberoako dantzak, adibidez. Esaten dutenez, Parisko balletak Zuberoako pauso asko hartu ditu.

Beti Jai Alai taldeak 50 urte egingo ditu laster. Zelan ekin zenioten bideari?
Beti Alai taldean dantza egin zuten batzuekin eta auzoko beste batzuekin taldea osatu genuen. Aitak, aurretik, Beti Alai taldea sortzeko, makatzak lapurtzen ibiltzen ginen zaparro batzuk hartu gintuen, eta Beti Alai taldea sortu zuen. Bizkaia osoan egiten genuen dantzan, eta gaur egungo taldearen aurrekaria izan zen.

Dantzak poztasunerako une asko eman dizkizu?
Bai, zapatuko ekitaldia polita izan zen. Bilbon Ilustres Bilbainos saria eman ziguten. Dantza arloan ikertzen eta berreskuratzen jardun dugu. Esate baterako, Begoñako ezpata dantza berreskuratu genuen.

Gerediagako horma irudietan dagoen alkatearen irudia zuek diseinatutako jantzi batean oinarrituta dago.
Mikel Izarzak grabatu batzuk zituen etxean, eta nik Parisen aurkitutako grabatu batzuetatik abiatuta sortu genituen jantzi horiek.

Jon Pertika: “Parisko Lafayette biltegietara joan ginen Iurretako banderaren erreplika egiteko oihalak erostera”

Dokumentuaren akzioak