Sentsazioak ardatz
Ikusle asko identifikatuta sentiaraziko dituen ikuskizuna dela azaldu du Mayak: "Kontu intimo bat da, obsesioak, bakardadea, gogoak... Orain, inoiz baino gehiago, ikusleak identifikatua ikusiko du bere burua lan honetan; oso etxeko giroa ageri da lanean zehar, pertsona bakoitzaren bakardadea eta barne pentsamenduak... itxialdiaren ispilu izan daiteke lan hau gaur egungo ikuspegitik begiratuta".
Eszenografiari ere garrantzi berezia eman nahi izan diotela aitortu du: "Oso etxeko elemen-tuekin egindako agertokia da – Chester erako sofa, ohea...–, baina, hala ere, elementu horien erabilpena ohikotik harago doa". Eszenografiaren diseinua Fernando Berneusen ardura izan dela azaldu dute, David Berneusena ikus-entzunezkoak eta argiztapena.
Orain dela ia urtebete estreinatu zuten ikuskizuna, abenduaren 1ean, eta geroztik hainbat emanaldi eskaini dituzte, zazpi hilabetez geratuta egon behar izan duten arren. "Martxoaren 11n, gauean, eskaini genuen azken emanaldia itxialdiaren aurretik. 30 emanaldi baino gehiago bertan behera geratu ziren, ez soilik Gauekoak-en kasuan, baita Kukairen beste hainbat emanaldirekin. Asko galdu dugun arren, alde positiboari ere begiratu behar zaio; bide berriak arakatzeko balio izan digu bizitako guztiak".
Balorazio positiboa
Ikuskizunak oso harrera ona izan duela azaldu du, eta jasotako balorazioekin "eskertuta" daudela: "Pozik gaude jendearen harrerarekin; egia esan, oso emanaldi politak irteten dira. Ni oso pozik nago, prozesuan asko gozatu dut, agertokian pila bat gozatzen dut, oso gustura nago bizipenekin eta sortutakoarekin. Momentu hunkigarriak daude niretzako. Nire barne erronka eta erabakietatik sortu den zerbait da, taula gainean jarraitu edo ez zalantzatik".
Zapatuan Bergaran izango dira, 19:00etan, Seminarixoan. Ikuskizunerako sarrerak Ticket.kutxabank.es atarian eta Seminarixoko leihatilan eskuratu daitezke, egunean bertan, 8 eurotan.