Dokumentuaren akzioak
Jon Maya eta Harkaitz Canoren ‘zigiluko’ irekiera-gala batekin hasiko da bihar Zinemaldia
Pandemiaren eragina zuzena izango da bihar hasiko den Zinemaldian baina, oztopoak oztopo, zinemaren jaia mantentzeko apustu sendoa egin du Jose Luis Rebordinosen zuzendaritzak. Azken prestaketak egiten ari dira, horien artean iluntzean Kursaal 1ean (21.00tan) egingo den irekiera gala. La 2en, ETB1en, eitb.eus-en eta Zinemaldiaren webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da.
«Distantzia» kontzeptua, gauden pandemia-aro honetan ahoz aho dabilena, eta zinema-aretoetara itzultzeko premia izango ditu hizpide inaugurazio-galak. Jon Maya dantzari eta koreografoa ariko da zuzendari, eta Harkaitz Cano idazlea arduratuko da gidoiaz. Bi sortzaile gipuzkoarrak, halaber, Donostia sariaren eta Euskal Zinemaren galez arduratuko dira, zeinetan Viggo Mortensen aktorearen eta Sara Bilbatua casting-zuzendariaren ibilbideak aitortuko baitira hurrenez hurren. Amaierakoa ere diseinatuko dute azken edizioen bidetik, Zinemaldiak «egile-galak» sortzeko mandatua egin izan baitie beste artista batzuei, Borja Cobeagari eta Diego San Joseri, eta Borja Crespori, kasu.
Euskal kutsuko gala
Inaugurazio-galak ez du izango propio aurkezle gisa ariko den inor, aktore eta pertsona ezagunen talde bat; Cayetana Guillen Cuervo, Eneko Sagardoy, Miren Gaztañaga eta Inma Cuevas arduratuko dira parte-hartzaileen, sailen eta edukien aurkezpenez. Zuzeneko dantzak eta musikak garrantzi handia izango dute: Kukai konpainiako dantzariak ariko dira, Mayak berak zuzenduta, eta bost musikari ere bai, Luis Maria Moreno Urretabizkaia Piratak zuzenduta.
Zinema-aretoetara itzultzeko premian egingo da azpimarra, orain gutxi ireki baitira konfinamendu-hilabeteak igarota, eta 68. edizioaren kartelean ageri diren loreei aipamen bat baino gehiago egingo zaio, June San Sebastian ilustratzaileak loreekin egindako animazioak tarteko.
Harkaitz Canok dioenaren arabera, «aurrez genituen ziurtasunak pitzatu, eta oinen pean amildegi bat ireki zaigula dirudien pandemia-garaiotan, distantzia hitzak duela hilabete batzuk imajinatzen zaila zen zentzua hartu du. Horregatik, irekiera galako ardatza horixe izatea gustatuko litzaiguke: distantzia. Banatzen gaituena, bai; baina baita salbu ipintzen gaituena ere», dio idazleak.
Irekiera galan, Sail Ofizialeko epaimahaiaren kideak aurkeztuko dituzte. Aurtengo presidentea Luca Guadagnino zinemagile italiarra izango da. Gainera, Covid-19ak baldintzatutako edizio honetan, Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek Thierry Fremaux, Canneseko zuzendaria, oholtzara gonbidatuko du, hitz batzuk egin ditzan zinema-jaialdi frantziarraren eta koronabirusak bertan behera gerarazi dituen gainerako zinema-ekitaldien alde.
Irekiera-galaren ostean Woody Allenen ‘Rifkin's Festival’ estreinatuko da. Zuzendaria ez da Donostiara gerturatuko, baina goizeko prentsaurrekoan parte hartuko du New Yorketik egingo duen bidekonferentzia batekin. Bertan bai izango dira Gina Gershon eta Elena Anaya aktoreak.
Pandemiari bost?
Hastear dagoen 68. edizio honetara ez da ohiko izen ezagunik gerturako, baina halere gonbidatu ugari gerturatuko dira hirira parte hartzen duten filmak eta proiektuak defendatzeko. Momentuz baieztatutakoak aipatzearren Johnny Depp dago, ‘Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan’ sail ofizialean lehian dagoen dokumentalaren ekoizlea delako. Dokumental honen protagonista Shane McGowan da, ‘The Pogues’ filmeko partaidea. Zuzendaritza lanetan, Julien Temple. Genero musikala indarrarekin iritsiko da Zinemaldira, lehiaketatik kanpo Matt Dillonen ‘El gran Fellove’ aurkeztuko delako. Matt Dillon aktoreak Zinemaldiko Donostia saria jaso zuen duela hamalau urte.
Europako zinemaren ordezkaritza anitza izango da. Esaterako, sail ofizialean lehian egongo dira Danielle Arbid (‘Passion simple’) –Laetitia Dosch eta Sergei Polunin aktoreak ere gurera gerturatuko dira–; Šarūnas Bartas (‘Sutemose / In The Dusk’); eta Harry Macqueen (‘Supernova’). Georgiako zinemagintza ezagutzeko aukera izango dugu era berean Dea Kulumbegashvili zinemagilearekin (‘Dasatskisi / Beginning’).
Luca Guadagnino italiarraren ‘We Are Who We Are’ telesailaren estreinaldia ere egongo da Donostian –ospe handiarekin dator–. Guadagnino epaimahaiaren buru da, eta gaur jakin da taldea bostgarren partaide batekin osatu dela; Joe Alwyn aktore britaniarrarekin, alegia.
Beste sail batzuetan Suzanne Lindon (‘16 printemps / Spring Blossom’, New Directors); Philippe Garrel (‘Le sel des larmes / The Salt of Tears’, Zabaltegi-Tabakalera) edo Adilkhan Yerzhanov (‘Zheltaya koshka / Yellow Cat’, Zabaltegi-Tabakalera), zuzendarien lanak ikusi ahal izango dira.
Dokumentuaren akzioak