Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal dantzetarako prestakuntza modura hasi nintzen balletean»

Dokumentuaren akzioak

«Euskal dantzetarako prestakuntza modura hasi nintzen balletean»

Jon Agirretxe, dantzaria

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/04/29

Anjel Corellaren konpainian lan egiteko aukeratu berri zaituzte. Zer sentitu duzu?

Poz ikaragarria. Angel [Corella] beti eduki izan dut izar baten modura. Beti eduki izan ditut bere posterrak, bere DVDak, nire idoloa izan da.

Nola hautatu zintuzten?

Audizioa egin zuten Madrilen.Han bizi nintzen eta egitea erabaki nuen. Oso lasai egin nuen audizioa. Asko disfrutatu nuen, baina neurekiko pentsatu nuen: «Hau egin dut eta listo». Oso jende ona zegoen, eta oso zaila zen ni hartzea. Hilabete batzuen buruan posta elektroniko bidez aipatu zidaten, eta poz ikaragarria sentitu nuen.

Zenbat lagunek parte hartu zenuten audizio horretan?

Hiru egunetako audizioa izan zen. Egun bakoitzean hiru klase zeuden. Horietako bat mutilena zen, beste biak neskenak. 40tik gora mutil geunden. Klasea egin eta batzuk hautatu gintuzten finalera pasatzeko. Gelditu ginenoi beste hiruzpalau ariketa egiteko eskatu ziguten. Audizioa normal samarra izan zen, konpainia klasiko bat dela kontutan hartuz.

Zein modutan egingo duzu lan konpainiarekin?

Konpainia berri bat da eta halakoetan funtzionamendua ez da izaten erraza, diru kontuengatik, eta jendearen konfiantza irabazi egin behar delako. Baina, oraingoz oso ondo ari gara lanean, dantzari oso onak daude. Guztira 52 bat dantzari gaude, neska eta mutil.

Profesional bezala duzun lehen kontratua da. Lauzpabost urte badira Euskal Herritik irten zenuela dantzan jarraitzeko. Gogorra egin al zitzaizun?

Dueka lau urte irten nintzen Madrilera. Lehen urtea gogorra egin zitzaidan. Familia izugarri botatzen nuen faltan. Gerora lagunak egiten zoaz, eta errazagoa egiten da. Ahal denean itzultzen naiz Donostiara, baina gutxitan. Iaz pare bat aldiz joan ahal izan nuen.

Hala ere, kanpoan ibiltzeak ere aberastasunik ekarriko dizu...

Aberastasun izugarria jasotzen duzu bidaiatzean. Jendea ezagutzen duzu, hizkuntzak ikasten dituzu. Esaterako, lehen ingelesa ez nuen hitz egiten. Duela pare bat urte konpainia batean hasi nintzen pre-profesional modura eta orduan ikasi nuen dakidan guztia. Oraindik ere asko dut ikasteko baina...

Euskal dantzetatik zatoz, baina, dantza klasikoan azkar egin duzu gora.

Lau urterekin hasi nintzen euskal dantzetan. 11-12 urterekin hasi nintzen txapelketetan. 2002an izan nintzen Euskadiko aurreskuko txapelduna izan nintzen, eta fandango eta arin-arinean ere Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna urte berean. Urte hori boom-a izan zen. Baletean hasi nintzen euskal dantzetarako prestakuntza fisiko modura. Pixkanaka gustatzen joan zitzaidan. Mentxu Medel nuen irakaslea, eta hark esan zidan mundu honetan sartzeko gaitasunak banituela. Ez nion ezezkorik esan. Madrilgo Kontserbatorioan egin genuen froga eta hartu ninduten. Medeli esker nago nagoen tokian.

Euskal Herrian dantzarako egitura falta dagoela uste al duzu?

Bai, ez dago batere laguntzarik,ez diru aldetik, ez kultura aldetik. Eta orain hobetoxeago gaude, baina laguntza izugarria falta da. Dantzak ez dauka inolako inportantziarik. Euskal Herriak duen konpainia bakarra Biarritz Balleta da. Eskolarik ere ez dago ia. Behar da guzti hori sustatu eta bultzatuko duen norbait. Dantzari asko gaude gure etxean gustura dantzatuko genukeenak, baina, oraingoz zaila da.

Zein amets duzu dantzaren munduan?

Oraingoz, dantza klasikoetan aritzea. Dantza klasikoa da dantza guztien oinarria. Baina ez dizkiet beste dantza motei ere ateak ixten, ez konpainia garaikideei eta ezta neo-klasikoei ere. Betidanik gustatu izan zait klasikoa ordea.

Angel Corellaz gain, zein erreferentzia dituzu dantzaren munduan?

Pila bat ditut. American baletean asko daude. Eskola kubatarra ere oso ona da. Jende on mordoa dago eta lanordu asko sartu behar ditugu zerbait izatera iritsi nahi badugu.

 

 

Dokumentuaren akzioak