Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Joareak dardarka

Dokumentuaren akzioak

Joareak dardarka

Joaldunek eta mozorroek hartu dituzte Iturengo kaleak: inauterietako egun handia ospatu dute. Gaur, iturendarrek eta aurtiztarrek zubietarrei itzuliko diete bisita.
Egilea
Itsaso Jauregi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Malerreka
Mota
Albistea
Data
2024/01/29
Lotura
Berria
Iturengo eta Zubietako inauteriak. Aitor Karasatorre/FOKU

Iturengo plaza (Nafarroa), 15:00. Erlojuari begira dago jendea, urduri. «Aurten geroago etorri dira», esan du batek. Jendez lepo dago plaza, eta musikaren artean soinu bat entzun dute herritarrek: joareen tulun-tuluna. Pixkanaka-pixkanaka hasi da joareen soinua hurbiltzen, eta gertu izatean azkar ireki dute herritarrek bidea, 90 joaldunek plaza har dezaten. Joareek dardarka utzi dute herria. Joaldunek bidea ireki dute, baina haien atzetik etorri dira mozorroak, maskarak eta gurdiak, jendea aztoratzera. Inauteriak hasi dira Iturengo plazan.

Udaberriaren etorrera iragartzen omen dute joaldunek, baina aurten ez da joareen hotsik behar udaberria aurretik bazela antzemateko: egun epela izan da Iturenen, berokiak bankuetan botata egon dira, eta eguzkitako betaurrekoek apaindu dituzte bisitarien aurpegiak.

Izerditan atera da Lazaro Erregerena joalduna Iturengo ostatuko goiko partetik, urtero janzten dituen arropak sorbaldan izanik. Beste joaldunek begi kuxkuxeroetatik urrun jarri dituzte beren arropak, ostatuko goiko partean, ezkutatuta; Erregerenak, berriz, herriko plaza erdian jarri ditu jantzi beharreko geruzak, bi laguntzaileri esker. Gerriko gorria jantzi du lehendabizi, eta, ondoren, ardien artileen bi geruzak. Gorri-gorri jarri da Erregerena bere laguntzaileek joare handiak kokatu dizkiotenean; laguntzaileek sokari tinko tira egin diote, eta Erregerenak oreka galdu du, nahi gabe ia-ia bota dute. Orekari gogor eutsi dio joaldunak, joareak bi laguntzaileen artean lotzen dituzten bitartean. Zapi gorria jarri dio laguntzaile batek, eta Erregerenaren aurpegia emeki laztandu du, sokatik gehiegi tiro egiteagatik barkamena eskatzeko. Kolorez jositako ttuntturroa jarri, eta irribarretsu agertu da jendearen aurrean, lagunen besarkadak eta hedabideen galderak jasotzeko prest.

Bi joaldun gaztetxoren begiradapean ere izan da Erregerena. Izan ere, Malen Berean eta Alaitz Aoron, azkar jantzi, eta korrika eta presaka atera dira plazara, Erregerena nola janzten den ikusteko. 10 urte dituzte, baina ez da haien lehendabiziko aldia aurtengoa; aurretik ere jarri dituzte joareak. «Oso dibertigarria da karrikara ateratzea», esan du Bereanek. Aoronek nahiago du mozorroak ikusi; maskara beldurgarriak, gurdien kartelak eta horietatik botatzen dutena ikusi. Iturengo herritarrak dira biak, baina egin behar duten ibilbidea ez dute guztiz argi: Aurtitzera joan lehendabizi edo aurretik Iturenen puskak jaso? Beste joaldunek irekitzen duten bideari jarraituko diote Bereanek eta Aoronek, haiei begira dauden lagunak eta senideak agurtuz.

Musikaz gainezka

Beste joaldunek arropa eta hamaiketakoa hartzen duten bitartean, musikariek alaitu dute herriko plazako giroa. Ituren bisitatu dutenen laguntzarekin, abesbatza herrikoia sortu dute; abesti ezagunen bertsioak egin dituzte, jendearen txaloak berenganatuz. Gogotsu txalotu du Matilde Burgaudek. Bartzelonako ikaslea da Burgaud, eta Frantzian jaiotakoa. Duela bi urte Burgaud ez zen gai Ituren mapan kokatzeko, baina, Bartzelonan zegoelarik, Negu Hurbilak filma ikusi zuen, eta inauterien inguruan dena ezagutu nahi zuela erabaki zuen: «Autobus bat hartu dut lagunekin Iruñeraino, eta hortik autoz iritsi gara». Ekain Albite zuzendariarekin hitz egin eta gero erosi zituen Burgaudek buseko tiketak: «Askatasuna, anabasa eta egia absolutua dira inauteriak niretzat, eta hori sentitzeko aukera izan nahi nuen».

Batzuentzat lehendabiziko aldia da, eta besteentzat, erritua. Arkaitz Apestegiak urtero hartzen du autoa Gipuzkoatik Ituren bisitatzeko: «Giroa maite dut, eta jendea oso jatorra da. Gainera, euskara asko entzuten da hemen». Ardoa eskuan izanda, herritarrek etxez etxe puskak nola jasotzen dituzten ikustea maite du: «Ez da hain ezaguna, baina prozesu ederra iruditzen zait».  Txikitatik ikusi dute puskak nola jasotzen zituzten Amaia Villanuevak eta Naroa Telletxeak, baina aurten saskia hartzeko txanda egokitu zaie. Aurreko belaunaldietatik jaso du saskia Telletxeak, eta «gogotsu» dago etxez etxe janaria biltzeko: «Urteko garairik onena dira inauteriak, eta aurten puskak jasoko ditudanez, are gehiago». Joaldunek Iturenen irekitako bideari jarraitzen diote puska jasotzaileek, baina Iturendik arrautza gutxi batzuk baino ez dituzte lortu. «Hemen gutti-gutti jaso dugu, baina aurrerago beteko da saskia», esan du Villanuevak.

Urratsa aldatzen dute joaldunek beste talde batekin elkartzean, bakoitzak bere jotzeko manera baitu. Zubietarrek beren erritmoan egiten dute bidea Aurtitzeraino, eta aurtiztarren urratsari segitzen diote hortik aurrera. Harrizko zubiaren gainean elkartu dira joareak, eta 90 joaldunek bidea hartu dute Iturenera. Zubira beranduago iritsi direnez, herriko plazan itxaroten daudenek suziriaren eztanda izan dute abisu: badatoz.

Motorrek, adaxkez betetako gurdiek, esnea botatzen duten aurpegirik gabeko herritarrek eta maskarek Iturengo plaza hartu dute. Ozpina eta esnea botatzen dute gurdietatik, eta hartzak joaldunen bidea oztopatzen duen edonor bultzatzen du. Anabasa horren artean gailentzen dira joaldunak, lasai-lasai, joareekin bidea eginez. Plaza lepo, 90 ttuntturro eta 180 joare dantzan. Ongi etorria egin zioten udaberriari atzo iturendarrek, aurtiztarren eta zubietarren bisitari esker; gaur, berriz, Zubietara bilduko dira zinta koloretsuak dantzan.

Dokumentuaren akzioak