Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Joare World'

Dokumentuaren akzioak

'Joare World'

MOZORRO AZPIAN

Antzina-antzinakoa. Berta-bertakoa. Euskal Herriaren arima, aberriaren ikurra. Esperientzia zirraragarria bizitzeko parada. Joare World». Bozgorailuetatik etengabe aditzen dira horrelako mezuak joaldunen parke tematikoaren atarian. Herria txiki utzi ohi zuten bisitariek Iturenen eta Zubietan (Nafarroa). Han eta hemen sortuak ziren zanpantzar (sic) taldeak, joareak Malerrekatik kanpo astintzeko gogoz. Azkenik, Anartz Mutuberriak ikusi zuen negoziorako aukera: parke tematikoa.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2017/01/31
Lotura
Berria

Egunero-egunero aditzen dira joare hotsak han. Giza irudia duten robotek ez dute inoiz erritmoa galtzen, eta ilarak beti egiten dituzte zuzen. Inguruan, sakelakoak eta argazki kamerak nonahi, horretan ezin bereizi errealitatetik. Mozorroak atera dira: batek motozerra du eskuan, brum-brum... besteak, kateak arrastaka. Estasia, euskaltasun orgasmoa, eta folklore gaindosia, une oro, parke tematikoan. Ezein euskaldunek ezinen luke galdu.

Dirutza irabazita, oporretara abiatu da Mutuberria. Kroazia boladan dago, eta, iparraldean, Rukavac herrian hartu du ostatu. Bat-batean, ezaguna zaion soinu batek esnatu du. Leihoa zabaldu, eta begiak bi bider igurtzi ditu indarrez. Berriz begiratu du. Larruak dituzte soinean, zapi gorriak lepoan, galtza zuriak, eta joareak gerrian. Ez da Ituren, ez da Aurtitz. Herrian galdetu du ea zein den manifestazioen buruan joan ohi diren horien kopia kroaziarra. Zvoncari-ak omen.

Nahasturik itzuli da etxera, eta Interneten begiratu du. Joareak ikusi ditu han eta hemen, Europako hainbat herritako inauteri tradizionaletan. Ez da hain bertako, hain bereizgarri. Parke tematikoak xarma galdu du, funtsezkoena falta baitzaio, han nekez uler litekeena. Inauteriak ulertzeko, tokian-tokian bizi behar dira.

Dokumentuaren akzioak