Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Joare hotsa, udaberri hotsa

Dokumentuaren akzioak

Joare hotsa, udaberri hotsa

Eguraldiak ez du inauteria zapuztu, eta, tradizioari jarraituz, Zubietako eta Aurtizko joaldunak Iturenen izan dira. Joaldunez gain, mozorro andana bildu dira Iturengo plazan: eguzki izpi gutxi batzuk hartu dituenik ere izan da. Gaur, iturendarrek itzuliko diete bisita.
Egilea
Ainhoa Larretxea Agirre
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/01/29
Lotura
Berria
Joareak tulun-tulun, eta euria zarra-zarra. Bi hots horiek entzuten ziren atzo Iturenen (Nafarroa), inauterietan. Udaberriaren etorrera iragartzen dute inauteriek: alta, atzo, negu gorria zen Malerrekan. Zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren Iturenen, eta, gaur, bisita itzuliko diete iturendarrek. Ortzegunean hasi zituzten inauteriak, nahiz eta egunik jendetsu eta ezagunenak atzokoa eta gaurkoa diren.

Zubietarrak izan ziren joareak astintzen lehenengoak. Hamaiketarako eskean atera ziren, eta ondotik egin zuten gosaria. Lehen eskean, joareak modu tradizionalean jo zituzten, erritmoari jarraitu gabe. Gosaldu ondotik, jantzi, eta Aurtitzerako bidea hartu zuten. Iturenen, aldiz, lehendabizi, gosarirako elkartu ziren herritarrak, eta ondotik egin zuten eskea. Herritarrak, joaldunak eta mozorroak bildu ziren gosaltzeko, herriko etxeko ganbaran. Orain arte, ganbararako bidea irekia izaten zen: azken urteetan, ordea, kamerak uxatzeko, herritarrak bakarrik izaten dira. Beheko solairuan, berriz, herriko ostatuan, bisitariak zebiltzan, kantuan eta dantzan, Kuxkuztu txarangaren erritmoei jarraituz. Inguruko herrietakoak batzuk, urrutiagotik etorriak bertzeak, aterkia eskuan, umore ona zen nagusi: joare soinua goian, musika eta kanta behean.

Eguerdiko ordu batak arte ez zen joare soinurik aditu Iturenen. Orduantxe atera ziren lehenengo joaldunak jantzita ganbaratik. Multzoka ateratzen hasi ziren, eta hamalau elkartu zirenean ekin zioten eskeari. Gainontzekoek prestatzen jarraitu zuten. Izan ere, denbora anitz eskatzen duen lana izaten da prestaketa. Batez bertze, joaldun bakoitzari joareak lotzeko, bortz minutu inguru behar izaten dute. Herriari lehen itzulia egin ondotik, bertze hamabi joaldun batu zitzaizkien. 



Joarearekin lehen itzulia egin zutenetako bat zen Egoitz Gorosterrazu iturendarra. Hamargarren aldia zuen astelehenez joareak astintzen: «Inauteriak herriko giroa dira, zaharrak eta gazteak batera egotea: joalduna izatea txikitatik sentitzen duzu». Bizi egiten dituzte inauteriak Iturenen, Zubietan eta Aurtitzen, eta nabaritzen da, txikitatik hasten baitira herriko gazteenak ere joareak astintzen, ahal duten bezala, helduen erritmoari jarraituz.

Joare soinuaz harago, ordea, bada bestaz gozatzeko bertze modurik. Etxeko trapu zaharrak hartu eta mozorrotzea izaten da anitzen plana. Iker Gorosterrazu, anaia ez bezala, mozorro ateratzen da. Joaldun atera izan bada ere, azken urteetan nahiago izan du mozorrotu: «Etxeko edozein arropa zahar hartuta ateratzen naiz». Oraindik mozorroa prestatzeko zuen, eta gosaldu ondotik joan zen etxera berriz ere mozorroa jantzita bueltatzeko.

74 joaldun, 148 joare

Herriari lehen itzulia egin ondotik abiatu ziren iturendarrak Latsaga auzora. Tarteka euria, tarteka eguzkia, joare soinua bakarrik aditzen zen. Hartza ere sartu zen joaldunen artera, eta bisitari bati baino gehiagori susto galanta eman zion. Latsaga auzora iritsita, mozorroak ere bildu ziren, eta dantzan ibili ziren akordeoi doinuekin. Mozorro talde bat turistaz jantzia zen, eta, toallak lurrean, etzanda, eguzki izpi bakan batzuk hartu zituzten.

Deskantsurako denbora anitzik gabe, segidan ailegatu ziren Aurtitz eta Zubietako joaldunak ere: denera, 74 joaldun, 148 joare. Aurten, zubietarrek ez zeramaten joaldunek ohikoa izaten duten ttuntturroa, txapel beltza baizik. Antzina, euria zenean ttuntturroa ez hondatzeko erabiltzen omen zen txapela. Denak elkartu, ibilera bera hartu, eta batera egin zuten Iturengo plazarainoko bidea. 74 joaldun elkartu ziren: Iturengo 30, Zubietako 26 eta Aurtizko 18.


Joare soinua, euria eta motor errearen usaina elkartu ziren plazan. Mozorro xelebre andana ere bai. Laminak, turistak, zonbiak: pertsona adina mozorro zeuden han bilduta. Baita ipurdia agerian zebiltzan gazte batzuen karroza bat ere. Maskarekin tapatuta, egun batez ezezagun bihurtu ziren herriko plazan. «Hildakoak inauteritarako berpizten gara», zioen karrozetako batek. «Zubietan migranteak onartzen ditugu», bertze batek.

Anabasaren erdian, joareak gogotik jotzen zebiltzan joaldunak. Hainbertze mozorroren artean, kosta zitzaien plazan lekua egitea. Plazari bi itzuli eman ondotik, adarra jo zuen Laxaro Erregerena joaldunak, eta aterpera joan ziren denak. Mozorroek bestan jendea zirikatzen jarraitu zuten: motozerrarekin ikaratuz batzuk, jendeari oilo zirina botaz bertzeak. Inauterietako lehen itzulia eginda, pozik zeuden Olaia Loiarte eta Mikele Etxekolonea zubietarrak. Joareekin atera ziren emakume bakanetakoak ziren biak: «Polita da, hiru herrietako joaldunak elkartzen baikara: gure herriko ohitura da, eta anitz bizitzen dugu». Loiartek urteak zeramatzan joareak astindu gabe: Etxekoloneak, aldiz, urterokoa izaten du joareak jartzea. Iturengo bisita eginda, berriro joareak joz itzuli ziren Zubietara: gaur ere ateratzekoak dira Zubietako bi gazteak. 



Kontuak, larunbatean 

Bestarekin erlazionatutako hotsen bat bada Iturenen, hori joare hotsa da, inauteriez harago, urte osoan ere jotzen baitituzte. Urtea hasi eta berehala, errege egunez ateratzen dira lehenengoz joareak jotzera, eta irailean ere ateratzen dituzte, joaldun egunean. Inauteriak dira, ordea, zalantzarik gabe, joare soinua ozenen aditzen den urte sasoia. Ortzegunetik hasita asteazken bitarte, besta giroa nagusi izaten da herrian. Bihar, Zubietarako itzulia egin ondotik, larunbatean bukatuko dute besta, kontu bazkariarekin; bertsolariak ere lagun izanen dituzte. Horren aitzinetik, ordea, bihar, zubietarren egun handia izanen da. Zubietan elkartuko dira joaldunak, mozorroak eta Euskal Herritik joandako bisitariak. Ikusteko dago ea atzo bezala txapel beltza jantzita edo ttuntturroarekin aterako diren joareak astintzera.
<b>Denak batera. </b>Ituren, Zubieta eta Aurtizko joaldunak.
Denak batera. Ituren, Zubieta eta Aurtizko joaldunak. ANDONI CANELLADA / @FOKU

Dokumentuaren akzioak