Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jenny Calero: "Aurrera begira ere, dantzari lotuta ikusten dut neure burua"

Dokumentuaren akzioak

Jenny Calero: "Aurrera begira ere, dantzari lotuta ikusten dut neure burua"

17 urterekin hasi zen dantzan Jenny Calero (Azkoitia, 1989), eta goi mailako dantzaria da gaur egun. Duela urte batzuk Born to dance eskola sortu zuen Azkoitian.

Hain justu, ikasle horiek erakustaldia emango dute bihar, zapatua, Azkoitiko plazan, 19:30ean hasita.
Egilea
Ana Abarisketa
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/07/22
Lotura
Urola Kostako Hitza

Hirugarren aldiz antolatu duzue erakustaldia. Zer prestatu duzue?

Urte osoan dantzan aritzen dira ikasleak, beraz, ikasitakoa jarriko dugu praktikan. Adin guztietakoek parte hartuko dute, eta talde bakoitzak dantza mota bat egingo du. 40 bat lagun dira guztira, gutxi gorabehera.

Zer dantza mota egingo dituzue?

Aretoko dantza modalitatearen barruan sartzen dira saltsa, txa-txa-txa, tangoa, bachata, pasodoblea eta merenguea, besteak beste. Denak ezin dira egin, baina erakustaldi aberatsa izango da.

Berrikuntzarik izango da?

Dantza modernoa eta zumba sartuko ditugu aurten aurrenekoz. Gainerakoan, beste urteetako saioen antzekoa izango da.

Dantzari profesionala zara.

Ruben Portalo da nire bikotekidea, eta kirol-dantza egiten dugu. Teknika asko zaindu behar da, eta dena dago araututa. Kirol-dantza bi multzotan banatzen da: dantza latinoak eta estandarrak. Azken horien barruan daude Vienako eta Ingalaterrako baltsak, Quick StepSlow Fox eta tango europearra. Guk dantza latinoak landu ditugu aurten, hau da: runba boleroa, pasodoblea, txa-txa-txa eta sanba. Datorren urtera begira nahiko genuke estandarrak ere egitea.

Nolako denboraldia izan da aurtengoa zuentzat?

Nahiko lasai ibili gara. Abenduan hasi ginen elkarrekin dantzan. Ruben Madrilen bizi da, eta han du bere dantza akademia. Asteburuak bakarrik ditugu entseatzeko eta hara bueltaka ibiltzen naiz. Ostiraletik astelehenera joaten naiz Madrilera, eta egun horietan entseatzen dugu, zazpi ordu inguruz egunean, gutxi gorabehera. Horrez gain, eskolak ere jasotzen ditugu. Ondorioz, hilean behin edo bitan parte hartu dugu txapelketetan, batez beste. Ez dugu gehiagorako aukerarik izan.

Nolako txapelketak izan dira?

Espainia mailako txapelketetan  parte hartu dugu. Madrilen, Bartzelonan, Extremaduran eta abar ibili gara. Irailean kanpora bidaiatzeko asmoa dugu, eta nazioarteko txapelketetan aritu. Hori da gure asmoa eta ikusiko dugu ea lortzen dugun.

Noiz hasi zinen dantzan?

Gauez lo egitea asko kostatu izan zait beti. Lehen, Dantza Gune saioa botatzen zuten ETB1n goizeko hirurak aldera, eta hura ikusten nuen beti. Hango soineko bat gustatu zitzaidan, eta horrexegatik hasi nintzen dantzan. 17 urte nituen eta handik urtebetera hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen.

Zenbat bikote izan dituzu dantzan?

Ruben hirugarrena da. Abendura arte bikote euskalduna izan nuen, baina ez ginen moldatu, eta kide bila hasi nintzen. Hemen bada jendea kirol-dantza egiten duena, baina bizpahiru hilabetetara kanpora joan beharra izaten duzu maila altuagoa dutenen bila. Hortaz, Madrilen eta Bartzelonan bilatzen hasi nintzen zuzenean. Halako batean, mutil bat libre zela esan zidaten Madrilgo eskola batean. Proba bat egin genuen eta, ondo moldatzen ginenez, aurrera egitea erabaki genuen, gaur arte.

Bi lagunen arteko lana da dantza. Elkarrekin ondo moldatzea garrantzitsua da, ezta?

Elkar ulertzea eta, batez ere, lanerako asmo berdinak izatea da garrantzitsuena. Batzuk lasai hartzea erabakitzen dute, baina beste batzuk beste asmo batzuk ditugu.

Zer da lortu nahi duzuena?

Datorren denboraldian Espainiako txapelketan emaitza ona izatera iritsi nahi dugu. Horrez gain, kanpora joan nahi dugu, zer mugitzen den ikusi, eta bizkortzen hasteko. Hemen lasai ibiltzen gara, baina kanpoan ikusten duzu maila altua dela. Aurrera begira, entrenatzailea edo epailea izatea nahiko nuke.

Zeure burua dantzari lotuta ikusten duzu etorkizunean?

Dudarik gabe.

Afizioaz gain ofizioa ere izan daiteke dantza?

Gehienek beraien lana dute eta afizio bezala hartzen dute dantza. Proportzioan gutxiago gara mailaz igotzen joan eta entrenatzaile edo epaile izatera iritsi nahi dugunak.

Jenny Calero. (A.Abarisketa)

Dokumentuaren akzioak