Partaidetza bultzatzea eta jendeari dantzatzeko erraztasunak ematea da Errebal talde gipuzkoarraren helburua. Trebeak dira horretan eta eskarmentu polita daukate musika, dantza eta bi horien arteko loturetan talde osatzen duten lau kideek. Estatu Batuetan arituko direnak dira: Ixak Arrutik, gitarran; Eneko Dorrondorok, trikitixan; Julen Fagoagak, dantza-maisutzan; eta Gari Otamendik, arrabitan.
Euretako batzuk ibiliak dira dagoeneko Estatu Batuetan dantza irakasle, bai NABO Udaleku-n, baita Añorgako Arkaitz dantza taldeko kide gisa ere. Baina oraingo hau esperientzia berria izango dute, festa animatzaile eta publiko amerikarrari --batzuk euskal jatorrikoak eta beste asko batere-- erromerian bertan pausoak erakusten eta han bertan dantzarazten.
Bi aste iraungo ditu euren emanaldi-bira estatubatuarrak. Aste honetan, Renoko Euskal Festak direla-eta, egunero arituko dira ostegunetik igandera bitartean: atzo, Sparks-eko Victorian Square-n izan zen hitzordua, Nugget kasino konplexu ondoan; gaur, berriz, festen hasiera eguna, Reno erdiguneko Santa Fe euskal ostatuan izango da; bihar larunbata, Renoko Wingfield parkean, euskal piknikeko parte; eta igandean, ostera, Renoko beste euskal ostatuan, Louis' Basque Corner-en.
Datorren astean, berriz, Wyoming estatura mugituko dira, Renotik 1.600 kilometrora dagoen Buffalo herrira, bertan egingo baita 2017ko NABO Biltzar Nagusia bilkura horri lotutako NABOren aurtengo festa nagusia. Honela, uztailaren 20an, Oesteko eraikin peto-peto eta historiko batean joko dute, Buffaloko kale nagusian dagoen Occidental Hotel-en; ostiralean, Crazy Woman Square plazan arituko dira, beti ere NABO Euskal jaien baitan; larunbatean, Buffaloko Washington Park-en; eta igandean baita ere, NABOren festa handia iluntzean akitu arte.