Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jean Bordaxar: "Xiberua txikia izanagatik bizirik dagoela erakutsi nahi dugu"

Dokumentuaren akzioak

Jean Bordaxar: "Xiberua txikia izanagatik bizirik dagoela erakutsi nahi dugu"

Komunikabidea
Euskalerria Irratia
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2025/05/27
Lotura
Euskalerria Irratia

Ortzadar Elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzarekin antolatuta, Aitzindariak taldearen 'Aitzina biga. Xiberotar ikusgarria' obra emanen da larunbatean Baluarten 19:00etan, Zuberoako kultura tradizionalaren adierazpen desberdinak oholtzaratuko dituen ikuskizun handia

Maulen estreinatu eta Miarritzen, Atharratzen eta Arrasaten erakutsi ondoren, Zuberoako Aitzindariak taldearen Aitzina biga emankizuna larunbatean iritsiko da Iruñeko Baluarte antzokira, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzarekin antolatuta. Zuberoako dantza tradizionalen, sorkuntzen, antzerkiaren, bertsoen eta abestien  honek 107 partaide bilduko ditu oholtza gainean: 52 dantzari, 29 kantari, 9 aktore, 2 bertsolari eta 15 musikari. "Izan ere", azaldu du Aitzindariak taldeko Jean Bordaxarrek, "Xiberuak, euskal probintzietako txikiena izanagatik, balio handiko kultur ondare zabala dauka". 

Emanaldiak lurraldeko ikurrak diren maskaradak eta pastoralak bertako dantza desberdinekin uztartuko ditu, kultura aberastasun guzti horren erakusle bilakatuz. Bordaxarren aburuz, beharrezkoa da mugak banatutako lurraldeen arteko zubia indartzea "lengoaia unibertsala den dantzaren eta musikaren bitartez". 

Ikuskizuna hiru zatitan banatuko da. "Lehen parteak, herrien arteko desafioak izanen ditu gaitzat, eta bigarren irakurketa batean munduko erresumen arteko lehiak. Egia da xiberotar dantza lehiaketa mota bat dela. Herri desberdinetako dantzari bakoitzak besteak baino hobea izan behar du. Maskaradetan adibidez, barrikada denboretan, herri batek bestea arrebiaten duelarik, arizale bakoitzaren parean, besteak baino hobea izan behar du". Bigarren zatian, transmisioa izanen da hari nagusia, non "dantzari, antzerkilari eta kantariek xiberotar dantzaren transmisioak ukan dituen gorabeherak" aurkeztuko dituzten.

Hirugarren eta azken atalak, Bordaxarren argitu moduan "elkartasuna eta elgarretaratzea" aurkeztuko ditu, bai Zuberoaren barrenean baita Hegoalderekiko ere. "Parte honen helburua, ikusgarriari ondorio baten ekartzea izanen da, betiere antzerkia, dantza eta kantua tartekatuz. Dantzaren aldetik, dantzari guziek elkarrekin emandako sorkuntza ikusgarria izanen da, bukaeran 52 dantzariak eszena gainean izanen baitira. Zati honek erakutsiko du denak batuz gauza politak egiten ahal direla". 

Dokumentuaren akzioak