Dokumentuaren akzioak
Javier Larralde Ustariz Arizkungo ttunttuneroa hil da
Jabier Larralde Ustariz Arizkungo ttunttuneroa ortzirale honetan hil da 94 urterekin. 1927ko abuztuaren 30ean Arizkungo Enekonean sortua, musikarako zaletasunari ttipitatik atxiki zitzaion Jabier, 10 urterekin hasi zen txistua jotzen Antonio Elizalderekin, eta hamalau urterekin egin zuen plazetarako saltoa. Elizalderekin ikasi zituen bai doinuak baita dantzak ere, tartean Baztango mutil-dantzak. Amaren aldetik aitatxi ere txistularia izan zuen, Juan Leon Ustariz. Klarinetea jotzen ere ikasi zuen eta harekin ere hamaika emanaldi egin izan zituen.
Plazan hasiz geroztik, Arizkunen, Baztanen, eta oro har Euskal Herrian barna ibili izan da hamarkadaz hamarkada, plazaz plaza, herriz herri ibili izan zen bere txistu eta atabalarekin bazterrak alaitzen, dantzak erakusten eta dantzarako doinuak eskaintzen. Tartean, herritik kanpo denboraldi bat pasatu zuen ere, bortz urte eman baitzituen Ameriketan artzain.Itzuleran Angeles Elizalderekin ezkondu zen, Etxeberrira, eta berarekin hamarkada luzeak bizi izan zen, duela gutti arte, izan ere, Angeles, abenduan zendu zen.
Euskal Herriko erreferente izandako ttunttuneroa zendu da, baina betirako geldituko dira bere irakaspenak eta doinuak, etxetik hasita, Patxi semearen eta Eki bilobaren ttunttunen bidez.
Larunbat honetan emanen diote azken agurra Arizkunen, 16.30ean eginen den hileta elizkizunean. Gugan bego.
Dokumentuaren akzioak