Arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta banatzeko diru laguntzen deialdia onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskatuta, eta guztira 600.000 euro banatuko ditu kulturgintzako ekoizle, banatzaile eta komertzialei merkatu berriak irekitzen eta horretarako behar diren sustapen tresnak birdimentsionatzen laguntzeko.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, lau laguntza modalitate daude. Alde batetik, antzerki, dantza edo zirkua bezalako arte eszenikoetako konpainia profesionalek egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko 330.000 euro izango dira.
Bigarrenik, 168.000 euro banatuko dira musika taldeen sustapen, merkaturatze, nazioartekotze eta banaketa proiektuen artean. Era berean, literatura sektoreko argitaletxeak diren pertsonek edo entitateek Euskaditik kanpo egingo diren liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzea laguntzeko 30.000 euro banatuko dira.
Laugarren eta azken modalitatea arte plastikoena da, eta 72.000 euro gorde dira arte galeriei Euskaditik kanpo egingo diren nazioarteko arte azoketan parte hartzen laguntzeko.
Diru laguntza jasotzeko, garatu beharreko jarduerak 2024ko irailaren 1etik 2025ko abuztuaren 31ra bitarte egin beharko dira, eta eskaerak egiteko epea hilabetekoa izango da ekainaren 27tik, hau da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 66 proiektu lagundu zituen iazko deialdian.