Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jantzien Zentroa egi bihurtuko du Iraultzak

Dokumentuaren akzioak

Jantzien Zentroa egi bihurtuko du Iraultzak

Urte luzeen lanaren ondotik, azkenean egi bihurtuko du Jantzien Zentroa Iraultza Dantza Taldeak. Askorik ezin da aurreratu momentuz, baina bai, aurtengo apirilean zabalduko dituela ateak Kapitain Etxean, eta bertan erakutsiko dituzten jantziak originalak izango direla. Halakorik ez dagoela Euskal Herrian esan du Iraultzako kide eta komunikazioaz arduratzen den Ainhoa Mendiburuk. Zentroak eskainiko duenaren aurrerapen bat ere egin du Iraultza taldeko kideak: Bi areto izango dira; batean, Euskal Herriko jantziak erakutsiko dituzte; bestean, atzerriko jantzien bilakaera. Horiek gainera sei hilero aldatuko dituzte. Guztiak jantzi originalak izango dira. Jantziez gain, oinetakoak, bitxiak eta eskuko poltsak ere hartuko ditu zentroak. Azken horiek ere originalak.
Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/01/25
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Zentroa zabaltzeko unean, 30 bat jantzi izango dituzte erakusketan, zaharrena 1770. urtekoa. Horietako jantzietako batzuk bolumen handia hartzen dutela azaldu du Mendiburuk, “dauzkaten armazoiengatik, krinolinengatik leku asko behar du jantzi bakoitzak, gona batzuk metro bateko diametroa dute”.

Atarian berriz, jantzien kopiak erakutsiko dituzte, baserritarrenak eta abar. Horrekin batera beste artisauen erakusketak ere hartu nahi dituzte beheko solairuko espazio horretan.

Duela 25 urte hasitako bidea
Iraultza dantza taldeak 1996. urtean bete zituen 25 urte, eta ospakizunak amaituta, bide berri bati ekitea erabaki zuela taldeak azaldu du Mendiburuk, “hasi ginen jatorrizko benetako arropa erosten. Batez ere, erosi izan dugu bigarren eskuko merkatuetan, asko Ipar Euskal herrian, eta gero kanpora joaten hasi ginen, Londres, Madril, Bordele… Bilduma dezentea zela ikusi genuenean, Jesus Guridi lokalean gelatxo bat prestatu genuen jantziak ongi jartzeko, baina ez ziren kabitzen. Handitzen hasi zela ikusita, udalarekin harremanetan jarri ginen herrian erakusketa iraunkor bat martxan jartzeko eta traje horiek egoera egokian izateko espazioren bat ba ote zegoen aztertzeko”.

Hamabost urte pasa dira bilduma egin zutenetik eta egi bihurtuko da aurten. Hasieran proiektua, alderdi sozialista alkatetzan zegoenean Torrekuan kokatzea erabaki zela ekarri du gogora, “goitik behera berritu zen eraikina. Baina hurrengo agintaldian, beste zerbait sartu behar zela erakin horretan erabaki zuten, eta Jantzien Zentroaren proiektua hor zegoen, baina kokapenik gabe. Udal gobernu berria non kokatzen aztertzen hasi, eta ohartu ziren Kapitain Etxea kokapen egokia izan zitekeela, eta Jantzien Zentroari begira berritu du”.

2016ko abenduan jaso zuen Iraultzak eraikinaren giltza berritze lanak amaituta, eta abendutik lanean ari dira dantza taldeko kideak. Bildutako jantziak txukundu, lixatu, manikietan jarri, eta aretoak prestatzen eta betetzen ari dira, jantziez eta historiaz.

Jantziaren Zentroa Errenteria-Oreretan zabaltzeak udalerria mapan kokatzeko balioko duela uste du Mendizabalek, “Euskal Herrian jantzi originalekin sortzen den lehen zentroa da. Bilboko Museo Etnografikoak bitrina dauka, San Telmo museoak XVI. mendeko tokadoak ditu baina ez dira originalak, kopiak dira”. Errenteriak lehen zentroa izango du, eta jende asko erakartzea, ekarriko dun zalantzarik ez du, “Ipar Euskal Herriko jendeak interes handia du, Zuberoako ezagun mordoa dugu zain ateak noiz zabalduko. Euskal Herriko bildumarekin, nola janzten ziren ikusi ahalko da jantzi bat egin nahi badugu, eta ondo nola jantzi behar den ere, hemen oso ongi jantzi delako. Ez dezagun pentsa baserrian lanean zeudela zikin, hemengo izugarrizko arropa daukagu. Gu ere gureaz harro egon gaitezen balioko du ere zentroak. Hemen ere oso elegante izan gara”.

Jantziaren Zentroaren Lagun
Dagoeneko Jantziaren Zentroaren Lagun egiteko kanpaina abitu du Iraultzak. Horretarako interesa duenak harremanetan jarri beharko du sare sozialen bidez edo posta elektronikora mezua bidalita. Inprimaki bat bete behar da, eta urte osoan 30 euro ordaindu. Horren truke, Jantzien Zentroaren Lagunek urte osoan sarrera doan lortuko dute, bi pertsonentzako bisita gidatu bat eta antolatzen diren beste ekitaldietan deskontuak: “Baliabideak behar ditugu Jantziaren Zentroa martxan jarri eta mantentzeko eta horretarako zabaldu dugu kanpaina”.

http://oarsoaldea.hitza.eus/files/2017/01/DSC_0033.jpg

Orduak ematen dituzte jantzi bakoitza muntatzen manikietan.

Dokumentuaren akzioak