Dokumentuaren akzioak
Jantziaren Zentroan historiaz jantzi dira
HITZAren Igandean historiaz jantzi bisita gidatuen hirugarren saioa egin zen atzo (hilak 15, igandea) Errenteria-Oreretako Jantziaren Zentroan, eguerdian. Iraultza Dantza Taldeak kudeatzen duen instalazioaren bisitaldi gidatuan hemeretzi HITZAkidek eta HITZAren harpidedunek parte hartu zuten. Gustura asko ibili ziren Kapitanenea kaleko eraikin historikoan: garairako propio egokitutako baserritarren jantzien erakusketa, nahiz ezkontza jantziena ikusi eta gozatu zituzten Ainhoa Mendiburu gidariaren azalpen zehatz eta mamitsuekin. Cristobal Balenciaga jostun handiak egindako bost sorkuntza ere ikusi zituzten.
Lehenik eta behin, baserritarren jantzien atala ezagutu zuten bertaratutakoek, eta horien gaineko hainbat datu esanguratsu eta ezezagun eman zituen gidariak: koloreen hautaketa, prekariotasuna ezkutatzeko trikimailuak, edo zapiaren arabera emakumeen egoeraren berri eman zitekeela (ezkonduta ote zeuden edo ez…).
Lehen solairuan, berriz, bideo bat ikusteko aukera izan zen. Bertan, Jantziaren Zentroak jantzi bat jasotzen duenetik erakusketara eraman arteko prozesuaren berri izan zuten bisitariek; Errenteria-Oreretan erakusgai izan ondoren, Irungo Gordailura eramaten dituzte horiek. Gainera, bertan den erakusketa iraunkorra bisitatu zen, ezkontza jantziena. Bigarren pisuan, besteak beste, Cristobal Balenciaga goi mailako jostun getariarraren bost jantzi ikusi zituzten historiaz janzteko aukera baliatu zutenek. Bisitaren bukaeran, hainbat jantzi probatzeko aukera izan zen.
Igandean historiaz jantzi-ren hurrengo bisita Oiartzungo Luberri Ikasgune Geologikora eramango ditu hala nahi duten HITZAkide eta HITZAren harpidedunak. Urtarrilaren 25ean (larunbata) izango da bisita gidatu hori, 10:00etan hasita. 15 lagunentzat tokia dago: jada bertan izena emateko aukera zabalik da.
Jarraian, atzoko bisitaldiaren hainbat irudi.
Dokumentuaren akzioak