Dokumentuaren akzioak
'Jantzea lanbidea da' aldarrikapena dakar Jantzearen Nazinoarteko Egunak
Gaur, apirilak 27, Jantzearen Nazinoarteko Eguna danez, BilbaoEszenak, Bilboko Udaleko Antzerki Baliabideen Zentroak, bat egin dau ADDE, Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak jantzearen ezagutza orokorra hobetzeko eta jantzeagaz lotutako profesionalei duintasuna emoteko asmoz bultzatu dan kanpaineagaz. Jantzea lanbidea da lelopean, jantzearen aldeko pegatinea daroan informazino liburuxkea zabaldu da, personek bariku honetan aldean eroan deien.
Interpreteen, koreografoen, irakasleen, kudeatzaileen edo ikerlarien artean gaur egun ehun bazkide baino gehiago dituan ADDE 2009tik dabil jantzea kalera ataraten, jantzea ikusgai egiteko bide lez, zenbait jardueraren bitartez: klase edegiak, flashmobak, jantza burrukak, konpainien eta sortzaileen erakusketak...
Edizino honetan, alkarteak, BilbaoEszenaren lankidetzeagaz, apustua egin dau gizartea sensibilizetako eta jantzea beste edozein lanbide lakoa dala, eta horren barruan hainbat ofizio dagozala jakinarazoteko. Jantzeak gizartearen begirada konplizea behar dau, ikusle lez, ikasle lez edo zale lez, existiduten jarraitu ahal izateko.
Mezu hori zabaltzeko, jantzea lanbide lez defendiduteko helburua gogoan, irudi iradokitzailea eta testu laburra dituan postala banatuko da. Euskarriak pegatina bat be badauka, jantzeari euren babesa emon nahi deutsien persona guztiek bariku honetan eroan deien edo arrastoa itxi deien, gura daben edo jantzeagaz lotzen daben lekuan pegatinea itxita.
Dokumentuaren akzioak