Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jaiak Hiru eguneko akelarrea hasiko da gaur arratsaldean

Dokumentuaren akzioak

Jaiak Hiru eguneko akelarrea hasiko da gaur arratsaldean

Oiartzunen zinez maiteak diren jaiak hasiko dira gaur: Ihoteak. Igandera bitarte intxixu, basandre eta sorginak herria zein herritarrak zirikatzeaz arduratuko dira.
Egilea
Leire Perlines
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2025/02/21
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Iazko kuestazioko irudi bat, Arraguan. Urko Etxebeste.

Gaur arratsaldeko bostak laurden gutxiagotan hasiko da jaia Beheko plazako biribilgunean, bertan izango baita Haurtzarok antolatutako ekitaldia. Danbor hotsekin deituko diete herritarrek intxixu, basandre eta sorginei. Lehen biak Aiako Harriko Kataxulon bizi dira; sorginak, berriz herrian, baina inork ez daki non dauden. Urtean behin elkartzen dira denak, eta udaletxea eta herria hartzen dituzte. Oiartzungo herriaren jabe egiten dira, eta herria euskaldundu eta berdintasunez blaitzen dute. Baita parranda egin ere. “Herrira globalizazioak ekartzen dituen kalte guztiak deuseztatzera etortzen dira”, laburbildu du Odriozolak. Seietan, berriz, txokolatada egongo da Doneztebe plazan, eta herri dantzak, arin-arina, fandagoa, muxikoak… dantzatuko dituzte Ihoteei hasiera ofiziala emateko. Dantzan jarraituko du egunak, baina oraingoan Elizaldeko eta Haurtzaroko dantzarien txanda izango da; Azeri dantza eta Sorgin dantza egingo dituzte. 

Zazpi eta erdietan jaitsiko dira menditik intxixuak eta basandreak, eta sorginak ere plazan agertuko dira. Festa hasiko da. Sua piztu, akelarrea egin eta bandera igoko dute. “Udaletxera igoko dira, herria hartuko dute, eta hor hasiko da Ihoteetako poza, zalaparta, eta hiru eguneko akelarre handi bat”, gehitu du antolakuntzakoak.

Kuestazioa, “egun garrantzitsua”
Bihar, berriz, goizean goiz emango diote hasiera egunari, goizeko bederatzietan hasiko baita auzoetako kuestazioa. Puska biltzen ibiliko dira baserriz baserri. Etxeen atariak errazten dituzte espiritu txarrak uxatzeko, eta dantzatu ere egiten dute bertan. Urtetik urtera jende gehiago animatzen da kuestaziora. “Hori polita bada ere, kezka batzuk pizten dizkigu, auzo batzuetan ez baitago lekurik horrenbeste jenderi bazkaltzen emateko”. Auzo bakoitzak bere deialdia izaten du, baina taldetik Ihoteetako arropa errespetatu eta poxpolinez jantzita joateko, eta gaurko zein igandeko ekitaldietara zakuz jantzita joateko deia luzatu dute.

Plazan elkartuko dira gero denak, eta ihote berbeneroa hasiko da. “Guk sortu dugun musika talde ganberroa da”. Txosna ere jarriko du antolakuntzak, eta datorren urteko jaiei aurre egiteko bertan kontsumitzea eskatu dute. Parrandak gauean jarraituko du, basandre, intxixu eta sorginak bertan ibiliko direlarik. 

Igandean dianarekin esnatuko dira herritarrak, eta hamaiketan, Beheko plazatik, Elizalde Herri Eskolak antolatutako Karroxa eta kalejira aterako dira. Dantza gidatuak izango dira gero, eta arratsaldeko zazpietan elkartuko dira berriro herritarrak, orduan izango baita agurra. Sua piztu, dantza egin, eta bandera jaitsiko dute ekitaldian. Horrekin batera, badator berriro ere ordena herrira. “Badoa jende sanoa, jentila bezain humanoa”. Ihoteak jai bereziak dira oiartzuarren artean, eta basandre, intxixu eta sorginek jarrera zirikatzaileak dituzte. Herria aztoratzeko asmoa dute, beste behin. 

Erlazionatutako edukia

Dokumentuaren akzioak