Dokumentuaren akzioak
Jaiak Baserriz baserri aritu dira Zubietako oilasko biltzaileak
Santio jaiak ospatzen ari dira egunotan Zubietan, eta tradizioari jarraiki, gazteak oilasko bilketan aritu dira goiz osoan zehar. Goizeko seietan abiatu dira Zubietako 50 lagun herriko plazatik, eta handik, baserriz baserri aritu dira zortzi orduko jarduera osatzen; Zubietan gora eta behera, Santuenean egon dira, eta Bugati eremuan amaitu dute ibilbidea. Eskusoinu eta panderoaren doinua jarraituta, kalejiran egin dute baserri arteko bidea eta dantzak ere ez dira faltatu: batzuk gogotsu eta besteak makal, gorputzak mugitu dituzte geldialdi bakoitzeko arin-arin eta fandangoarekin.
Jarraian, oilasko biltzaileen ibilbidea, goizean:
Oilasko biltzaileen jarduera Zubietako tradizio garrantzitsua dela frogatu dute gazteek, eta hainbat unetan, trafikoa ere gelditu dute, dozenaka lagunen desfileari tartea egiteko. Errepidean ez ezik, mendian ere bilatu dute bidea, eta kostata bada ere, lortu dute sastraken artetik atera eta herria girotzen jarraitzea.
Dokumentuaren akzioak